2010/10/10

Txakur baten egunerokoa: Katuak eta ni.

Katuek ez naute maite. Bai, bai, ondo irakurri duzue, katuek ez naute maite. Nola da posible ni horren txakur maitagarria izanik? Ezta ideiarik ere.

Badakit gehinek txakur-katu erlazioen ideia irmoa duzuela. Txakurrak omen dira katuak gorroto dutenak. Txakurrak dira katuak erasotzen dituztenak eta pazientziaz zuhaitz azpian itxoiten dutenak katua jaitsi arte. Ba hori ez da egia, ez nire kasuan behintzat. Nik katuekin jolastu nahi dut, baina haiek nirekin ez. Zergatik? Txakurra naizelako? Handiegia naizelako? Iletsua naizelako? Hagin zorrotzak ditudalako?

Katuekin nire erlazioa txakurkume bat besterik ez nintzenean hasi zen. Paseoan nenbilela hara non ikusi nuen katu bat lehenengo aldiz. Horixka eta iletsua zen (ni bezala) eta dibertigarria zirudien. Baina berarekin jolasteko asmoz gerturatu nintzenean... Rash!! Zelako X marraztu zidan sudurrean bere atzapar zorrotzekin! Auuu! Mingarria benetan. Eta barkamena eskatu barik buelta eman eta alde egin zuen! Katuak bai adesgabeak! Ez ezazue probatu inoiz katu baten marrazkilari teknikak zuen azalean, bereziki sudur puntan. Hori bai, tatuajeak egiten primerakoak dira.

Baina ni horren txakur adiskidetsua naizenez eta denek esaten dutenez ezin dela katu guztiak  epaitu baten ekintzengatik (edo antzeko zerbait), ez dut amore eman. Gaur bertan saiatu naiz katu bizilaguna agurtzen eta badakizue nola erantzun didan? Grrrrr egiten eta bizkarreko ilea tentetuz. Ama! Zein ikuskizen beldurgarria! Buelta eman eta beste bide bat hartu dut.

Ni saiatu naiz baina katuek ez naute maite. Ez dut beraiekin inoiz jolastuko! Joan daitezela guztiak antzarrak ferratzera!

Eta honela hasten da txakurren katuekiko gorrotoa eta erlazio txarra. (Ikusi duzuenez ez da gure errua).


1 comentario:

  1. Guk ez dugu inoiz katu bat ikusi, nolakoak dira izaki horiek? Ama oso babeslea da gurekin eta ez digu uzten beste izakiekin egotea. Tira, Bruni eta Carlarekin bai eta hauek oso kuxkuxeroak dira, beraz, zergatik ez dira katuak horrela? Arraroa da hauek hain iheskorrak izatea. Beharbada gu katuekin bat etorriko gara, ez duzu uzte? Biok iheskorrak gara!

    Lucky eta Vito

    ResponderEliminar