2010/10/18

Ez dut nire etxea ezagutzen

Astelehena, 2010ko urriak 18

Ba al dakizue zer gertatu zaigun gaur? Gu lotan genbilela, mugimendu bortitz batek iratzartu gaitu. Etxez aldatuko garela pentsatu dugu, baina hori arraroa izango litzateke gaur bertan espazio-denbora zulotik abiatu garelako (bidaiatu dugulako). Orduan, kaiola irekita utzi digute eta nire semea korrika hasi da ni bezala. Zer gertatzen da? Libre gaude eta kaiolatik irten gaitezke?

Ez da horrela izan. Biok plastikozko bola batean sartu behar izan gara eta hemen ibiltzen hasi gara. Bolarekin askatasuna nabaritu dugu biok nahi dugun lekura abiatu gaitezkeelako inolako oztoporik gabe. Tira, noizean behin oztopo batzuekin aurkitzen gara baina nahiko eroso ibiltzen gara. Gainera, bolaren barnean gaudenean argitasunak ez digu beldurrik ematen eta beraz, nahi dugun lekutik joan gaitezke.

Hala ere, bolan 20min egon ondoren berriro ere kaiolara joan gara. Orduan konturatu gara gure etxean gertatu den hondamendiaz. Zerrautza eta lastoa zoruaren leku guztietan dago, ez daude guk lortutako izkina garbiak edota gurpilaren behealdeko piloa. Janaria leku batean metatuta dago eta kotoia iglu-dendan dago. Ezin dugu sinetsi! Non dago guk kardatutako kotoia beheko solairuan edo gure elikagaiak leku guztietatik banatuta, non dago gure etxea?

No hay comentarios:

Publicar un comentario