Mostrando entradas con la etiqueta Txakur baten egunerokoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Txakur baten egunerokoa. Mostrar todas las entradas

2010/11/23

Txakur baten egunerokoa: Mendian

Mendira joatea munduko gauzarik hoberena da. Aire freskoa, zelai handiak eta nahi dudan guztia korri egin dezaket, aske eta naturan. Baina oraindik hobeagoa da jende askorekin mendira igotzea. Batzuetan anaiaren ikastolako lagunekin eta haien gurasoekin joaten gara mendira, talde handi batean. Beste txakurrak ere etortzen dira eta nahi beste jolastu dezaket. Gainera guztiok nahi dute nirekin jolastu, umeak oso dibertigarriak dira eta energiaz beteta, asko korri egin dezakegu eta harrapaketetan jolastu. Nagusiek berriz, laztantzen naute eta oso polita naizela esan. Aaaah, hau bai bizitza!

Mendian era guztietako abereak daude. Zaldiak, ahuntzak,ardiak... Ardiak bereziki beldurgarriak dira. Bai, bai, beldurgarriak. Zuri begira geratzen dira adi-adi eta isilik begi handiekin eta beti ari dira belarra jaten! Nire ustez nazkatuta daude horrenbeste belarrarekin eta haragi zati bat noiz erori geratzen dira begira. Gainera, haiengana jolasteko asmoz hurbiltzen bazara segituan korrika ihes egiten dute. Ez dira batere adiskidetsuak, ez. (Ez zaitezte ardietaz fidatu). 


2010/11/12

Txakur baten egunerokoa: Oporretan

Txakurroi ere oporrak gustatzen zaizkigu. Batzuetan aiton-amonaren etxera noa oporretan. Asko gustatzen zait etxe handia delako, lorategi eta guzti ni nahi dudan bezain beste jolasteko. Gainera aitona denbora asko pasatzen du lorategian lanean eta ni berarekin egon naiteke.

Amonak beti janari goxoa ematen dit! Gero aitak esaten du loditzen naizela, baina nik ez dut uste. Ilea izango da hazten dena eta lodi itxura ematen didana. Gero kirol asko eginda eta listo, kopontzen du aitak arazoa.

Gainera egongelan lo egiten usten didate eta negua bada tximinia aurrean ere! Aiton-amonak oso jatorrak dira. Aitona beti dago adi noiz ni paseatzera eraman eta amonak kalera irteten den bakoitzean berarekin eramaten nau. 

Goizean gosaltzen duten bitartean mahai azpian etzan naiteke, aitonaren oinetan eta aita ez dago esateko hori ez dela nire tokia. Etxean bakoitzak bere lekua baitu sukaldean, bakoitza bere eserlekua eta nik nire txokoa, aitak deitzen duen moduan.

Beraz aiton-amonen etxean egotea oporrak 5 izarreko hotelean pasatzea bezalakoa da! Ez naiz inoiz hotel batean egon baina ziur nago ez dela horren ona aitona eta amonaren etxea bezala.


2010/11/04

Txakur baten egunerokoa: Berria etxean

Etxera lehenengo aldiz etorri nintzenean txakur kume beldurtia besterik ez nintzen. Nire hirugarren etxea zen eta hirugarren familia hilabete gutxitan eta ez nengoen etxe berrietan bizitzera batere moldatua. Egun hartan aita eta arreba nagusia etorri ziren ni paseoan nengoela nire bigarren familiarekin. Familiak ezazagun haiei banatu ninduten eta auto batean sartu. Ama! Zelako izua! Bahiketa al zen hura?! Poliziari deitu! Oihuka eta negarrez pasa nuen bide osoa.

Gau hartan ezin izan nuen lo hartu, bakar-bakarrik etxe ezezagun hartan eta ama nire ondoan gelditu zen lokartu nintzen arte. Orduan pentsatu nuen lehenengo aldiz behar bada hura ez zela bahiketa, edo bahitzaileak nahiko jatorrak zirela. Paseatzera eramaten ninduten egunero hiru aldiz gutxienez, laztanak oparitzen zizkidaten eta nirekin jolastu ere!

Hala ere, erabaki nuen arreta bereziarekin ibiltzea. Jartzen zidaten ur-plateratik ez nuen edaten, pozoiturik egon zitekeen eta. Hobe euri-ura edatea oraingoz ziur egon arte. Eta nire egurrezko-etxetxoan ezta sartu ere, noski! Zer demontre zen hori? Inoiz ez nuen ikusi antzeko kubazulorik. Eta uste zuten bertan lo egingo nuela? Baita zera ere! Txikia eta iluna zen!

Tira, tira, nahiko txakur kume beldurtia nintzen. Gaur egun badakit ura ez dagoela pozoitua eta arrebaren saiakera askoren ondoren (galletak sartzen zizkidan etxetxoan sartuko nintzelakoan) nire txabolan sartzen naiz lo egitera noizean behin. Eta autoan ibiltzea maite dut! Magia bezalakoa da, barruan sartu eta beste leku batean agertzen zara. Bai, bai eta leku horretan gauza interesgarri asko egon ohi dira: mendiak, basoak, jolasteko eta korri egiteko lekuak!

Pozik bizi naiz beraz nire behin betiko familiarekin, jada ez dut etxez aldatu beharrik eta denok maite naute. Amak esaten dut erraz jartzen naizela jeloskor beste txakurrak etxera sartzea ez dudalako gustuko. Baina nire familia nirea da eta ez dit inork kenduko eta kito!

2010/11/01

Txakur baten egunerokoa: Jolasean.

Txakurroi ere jolastea gustatzen zaigu, niri bai behintzat. Jolas mota askotan aritu gaitezke. 

Aita eta anaiarekin esaterako, sarri jolasten du futbolera. Bai, baloi bat harrapatu behar den joku hori. Baina ba al zenekien debekatuta dagoela baloia hortzekin hartzea? Hala ere, niri oso zaila egiten zaidanez hankekin jolastea batzuetan tranpa egiten dut eta ahoa erabiltzen dut baloia harrapatzeko. Kasu hauetan futbolera jolasteari utzi eta harrapaketan hasten gara, anaia nire atzetik korrika eta oihuka. Hain da dibertigarria!

Makil eta pilotekin jolastea ere gustatzen zait. Makila edo pilota jaurti eta haren bila joango naiz korrika, berdin dio lur edo uretara. Baina gero ez espero bueltatuko dudanik jostailua, eh! Hartzen dudana nirea da eta nahi baduzu zuk ere harekin jolastu lehenengo kendu beharko didazu. Ah, harrapaketan jolastea hoberena da! 

Uretan jolastea ere oso dibertigarria da. Igeri egitea, makilak eta pilotak bilatzea eta hoberena jendea bustitzea ilea astintzen dudan bakoitzean! Baina zergatik egiten dute horrenbeste iskanbila dutxa txiki bategatik? Bainua tartekatu besterik ez dut nahi, denok ondo pasa dezagun elkarrekin uretan. Gainera denok diote itsusi jartzen naizela ilea bustintzen dudanean, argalago nagoela baidirudi. Tira, ez da nire errua ile pila bat izatea, ezta?


Beraz, noiz etorriko zara nirekin jolastera? Orain ezagutzen dituzu nire joku maiteenak. Joan gaitezen elkarrekin ondo pasatzera! Zain egongo naiz.





2010/10/24

Txakur baten egunerokoa: Laztan mintegia

Egun on, gaur mintegi berezia emango dizuet denok ikas dezazuen txakurrak ondo laztantzen. Klase oso inportantea da eta txakur bat laztantzen duzuen bakoitzean aztertuko ditugu zuen trebatezasuna. Praktikak egitea ez da derrigorrezkoa, baina ondo ikasi nahi baduzue eta azterketa gainditu nota apertekin ahalik eta gehien praktikatzea komeni da. Beraz, arreta berezia prestatu hurrengo azalpenei. 

1- TXAKUR EZEZAGUN BAT NOLA LAZTANDU: txakur ezezagun bati hurbiltzeko orduan hainbat pauso jarraitu baitira. Txakur guztiak ez baitira ni bezain adiskidetsu eta maitagarriak kontuz izatea komeni da, txakur batzuk lotsatiak direlako eta beste batzuk beldurtiak. Lehenik eta behin ezagutzera eman behar zara, honetarako eskua txakurrari aurkeztu usaindu dezan. Txakurrok usainaren bidez agurtzen gara eta keinu sinple hau oso edukazio onekoa iruditzen zaigu. Behin txakurra zure usaina ezagutu ondoren onartuko zaitu eta bera laztantzeko gai izango zara. Hasieran hobe da aho azpian laztantzea txakur batzuentzat eskua buru gainean ipintzea mehatxu keinua baita. Nirekin topo egiten baduzue ordea beldurrik gabe laztandu, ferekak maite ditut eta!.

2- NON ETA NOLA LAZTANDU: buruan laztanak gustatzen zaizkigu, baita belarri atzean ere. Hala ere nire ustez hoberena tripan laztanak jasotzea da. Noski ez diot edonorri nire sabelaldea erakutsiko (ez teorian behintzat), baina behin konfiantza irabazita ahoz gora etzango naiz pozik nire sabela laztandu ezazun! Mundukorik hoberena, masaje gozoena eta hain erlaxagarria. Kontatuko dizuet nire sekretua: tripan kilinak ditut, bai, bai, bular-kutsatik gertu. Eta kilinak egiten badizkidazu hankatxoa mugitzen dut pozik. 

Oso klase garrantzitsua denez eta irakasle ulerkorra naizenez boluntario aurkezten naiz praktika dezazuen. Nahi duzuenean laztantzen utziko naiz, badakizue gainera non ditudan gogokoen ferekak. Zain egongo naiz!


2010/10/21

Txakur baten egunerokoa: Azterketarik ez!

Azterketak gorroto ditut. Zergatik? Txakurrok ez ditugu azterketak eta. Bai, egia da ez ditugula azterketarik baina nire anai-arrebak badituzte eta bereziki zailak dira arreba nagusiarenak. Azterketak dituenean bere logelan giltzaperatzen da eta jateko soilik irteten da, eguna pasatzen du liburuen artean eta ez du nirekin jolasteko ez gogorik, ez astirik. Gainera humore txarra eduki ohi du, beti nekatuta eta kezkatuta dabil eta gutxitan barre egiten du.

Baina azterken azken eguna maite dugu arrebak eta biok. Egun horretan, azterketak amaitu ostean parkera joaten gara elkarrekin eta paseo luzea eman ondoren banku batean esertzen da liburu batekin irakurtzera. Bitartean ni parketik ibili naiteke nahi dudan hainbeste, beste txakurrekin jolastu eta beregana hurbiltzen banaiz asko laztantzen nau, baita kilimak egin ere!

Suposatzen dut garai zailen ostean beti datozela une hobeak!

2010/10/20

Txakur baten egunerokoa: Ez dadila mutil hori etorri

Nire arreba txikiak nerabezaroa deritzon garaia zaila horretan omen dago. Hori da gutxienez amak sarri esaten duena. Dena delakoa ez dut nerabezaro hori gustoko jada ez baitu nirekin jolasteko astirik, beti dabil lagunekin paseatzera irteten eta neu ez nau inoiz eramaten eta gainera gutxitan laztantzen nau, orain beste mutil hori laztantzea nahiago du. Ez dut mutil hori gustoko. Aita eta ni behintzat horretan ados gaude. Amaren esanetan biok jartzen dugu txakur-aurpegia ikusten dugunean. Nola ez dut jarriko txakur-aurpegia txakurra banaiz? 

Kasua da gorroto dudala mutil hori. Beti dabil nire arrebatxo maitearekin eta bere laztanak lapurtzen dizkit. Gainera aita eta niri ez gustatu arren etxean sartzen da eta zaunka egiten badiot arrebak errieta egiten dit! Askotan aita etxean dagoenean atean geratzen dira musukatzen arreba sartu aurretik eta nik ezin dut etxea babestu bitartean. 

Zergatik? Zergatik nahiago du arrebak mutil hori? Nire ilea askoz suabeagoa da. Jada ez al naiz peluxe bat bezalakoa berarentzat? Nik ere maitasun pixka bat nahi dut baina arrebak mutil horrentzat begiak besterik ez ditu. Amaren hitzetan aita eta biok jeloskor gaude.


2010/10/18

Txakur baten egunerokoa: Ez atzera begiratu!

Amak esaten digu txikitatik ez atzera begiratzeko ibiltzen ari garenean. Ikasbide hau ikasi nuen txakurkume bat besterik ez nintzela. Garai hartan alai eta antsikabe ibiltzen nintzen saltoka kaletik, munduaren misterioekin liluratuta. 

Egun lasai horietako batean paseotik bueltatzen ari ginela nire atzean zerbaitek atentzioa deitu zidan. Eta atzera begira ari nintzela han non edonondik farola bat agertu zen eta DANBA! buruan jo ninduen. Ama, ze mina! Izartxo zuriak gertutik ikusi nituen. Egun hartan ikasi nuen aurreraka begiratzen beti ibiltzerakoan bestela oztopoak ageruko dira eta txakurrak nahasteko asmoz. 

Baina zergatik agertzen dira soilik txakurrak aurrera begiratzen ez dugunean? Gure zain ote daude guri adarra jotzeko? Munduko misterio handienetakoa da.



2010/10/15

Txakur baten egunerokoa: Dutxak ez, bainuak bai!

Sekretu bat kontatuko dizuet, baina ez inori esan (bereziki ez esan txakur eme politei). Dutxa gorroto dut. Tira, baliteke hainbesterako ez izatea baina ez dut batere gustoko. Ura erortzen zait gogor gainean eta batzuetan hotza gainera! Ez dago eskubiderik! Amak ez dit ihes egiten uzten, harrapaketan jolastuko bagenu dutxatu bitartean ziur dibertigarriagoa izango litzatekeela. Baina ez, geldi, geldi egon behar naiz eta zaparrada hotza jasan.

Bestalde bainatzea maite dut, mila bider hobeagoa da! Bereziki lakuetan bainua hartzea. Probatu al duzue inoiz? Mundukorik gauza erlaxagarriena da laku batean igeri egitea, kirola egin ondoren bereziki. Eta gainera makil batekin jolasterik badago... paradisua! Berdin dio uda edo negua izan, utziko banindute beti salto egingo nuke lakuetara. Behin sartu nintzen ere jolastera errekatxo batean baina ura beharrean lokatzez beteta zegoen. Beraz marroi kolorekoa atera nintzen eta gainera igel batekin buruan! (Ze uzte zuen igelak orrazia zela?). 

Baina bainu edo dutxa ostean, berdin dio, ez dago libratzerik, orrazteko unea dator! Ama, zenbat min! Iletik tira eta tira ileko korapiloak desegiteko. Eta rastak eraman nahi baditut zer?! Amak ez dit uzten. Ez dago eskubiderik!


2010/10/14

Txakur baten egunerokoa: Zergatik ez ditugu postariak gustoko



Mundu osoan zehar bada kondaira oso famatu bat zeinek dioen txakurrok ez ditugula postariak gustoko. Jakina denez kondaira guztien atzean benetako egoera bat dago eta beraz, gaur esklusiban misterio hau argituko dizuet.

Hasiera-hasieratik, txakurra gizakiaren lagunik minena denetik (orain dela hainbeste denbora inork ez dituela gogoan ez lehenengo txakurra, ez lehenengo gizona), garai haietatik txakurron betebeharra izan da gure eta gure lagun minen etxea babestea. Norbait gerturatzen denean zaunka egiten dugu eta zaunka egitean ezezagunak aldentzen dira. Hau da munduaren oreka naturala. Baina egun batean postariak agertu ziren. Gizakiz mozorrotutako deabru hauek munduaren oreka naturala apurtun nahi dute, gure etxeetara hurbiltzen dira gu zaunka egin arren eta gutxi balitz paperak uzten dituzte gure baimenarik gabe!

Inork ez daki zergatik existitzen dira postari-deabruak baina teoria asko daude. Batzuen ustez txakur alfer baten ondorioz txakur guztiok pairatu behar dugun zigorra da. Besteen ustez jainko-txakurrak bidalitako azterketa da, txakurrok ez dezagun gure zeregina inoiz ahaztu. Dena delakoa gure lana berdina da: postariak uxatu eta kondaira dioenez postaria uxatzen duen txakurrari paradisua espero dio.





2010/10/11

Txakur baten egunerokoa: Txapinak

Daztatu al dituzue inoiz txapinak? Mundukorik gauza hoberena da! Beste zapatilek ez dute zer egiterik txapinen ondoan. Txapinak leunak dira eta gazta zahar zaporea dute eta gainera oso dibertigarriak dira. Pena da gutxitan uzten didatela haiekin jolasten. Baina noizean behin amak terrazan ahazten ditu. Orduan nik hortzekin leunki hartzen ditut eta belarrean etzaten naiz (belarra ohe oso fresko eta eroso da, udan bereziki). Txapinak ondo daztatzeko teknika berezia dut: lehenengo hanken artean heldu behar dira eta hozkada txikiak eman zaporea iraun dezan ahalik eta gehien.

Nire txapin gustukoenak arreba nagusiarenak dira. Bildots forma dute eta oso leunak dira, mingainean kilimak sortzen dituzte. Arreba sukaldean bakarrik dagoenean mahai azpian izkutatzen naiz eta astiro hozkatzen ditut. Arrebaren oinak oso sentikorrak direnez segituan hasten da kilimekin barrezka.

Txapinik dibertigarrieak, berriz, anaiarenak dira. 10 urteko umea besterik ez da eta zapatilak lapurtzen dizkiodanean segituan haserretzen da eta nire atzetik korrika etortzen da garrasika. Primeran pasatzen dugu lorategian korrika, ohiuka (tira, ni zaunkaka) eta azkenik harrapatzen nauenean barrezka.

Baina aitak ez du ulertzen dibertsio hau eta gorroto du nik bere txapinak hartzea. Aita haserretzen denean oso beldugarria denez hobe da bere zapatilak bakean uztea. Zein xuhurra aita! Bere txapin erraldoiak konpartitu nahi ez izatea ere!


2010/10/10

Txakur baten egunerokoa: Katuak eta ni.

Katuek ez naute maite. Bai, bai, ondo irakurri duzue, katuek ez naute maite. Nola da posible ni horren txakur maitagarria izanik? Ezta ideiarik ere.

Badakit gehinek txakur-katu erlazioen ideia irmoa duzuela. Txakurrak omen dira katuak gorroto dutenak. Txakurrak dira katuak erasotzen dituztenak eta pazientziaz zuhaitz azpian itxoiten dutenak katua jaitsi arte. Ba hori ez da egia, ez nire kasuan behintzat. Nik katuekin jolastu nahi dut, baina haiek nirekin ez. Zergatik? Txakurra naizelako? Handiegia naizelako? Iletsua naizelako? Hagin zorrotzak ditudalako?

Katuekin nire erlazioa txakurkume bat besterik ez nintzenean hasi zen. Paseoan nenbilela hara non ikusi nuen katu bat lehenengo aldiz. Horixka eta iletsua zen (ni bezala) eta dibertigarria zirudien. Baina berarekin jolasteko asmoz gerturatu nintzenean... Rash!! Zelako X marraztu zidan sudurrean bere atzapar zorrotzekin! Auuu! Mingarria benetan. Eta barkamena eskatu barik buelta eman eta alde egin zuen! Katuak bai adesgabeak! Ez ezazue probatu inoiz katu baten marrazkilari teknikak zuen azalean, bereziki sudur puntan. Hori bai, tatuajeak egiten primerakoak dira.

Baina ni horren txakur adiskidetsua naizenez eta denek esaten dutenez ezin dela katu guztiak  epaitu baten ekintzengatik (edo antzeko zerbait), ez dut amore eman. Gaur bertan saiatu naiz katu bizilaguna agurtzen eta badakizue nola erantzun didan? Grrrrr egiten eta bizkarreko ilea tentetuz. Ama! Zein ikuskizen beldurgarria! Buelta eman eta beste bide bat hartu dut.

Ni saiatu naiz baina katuek ez naute maite. Ez dut beraiekin inoiz jolastuko! Joan daitezela guztiak antzarrak ferratzera!

Eta honela hasten da txakurren katuekiko gorrotoa eta erlazio txarra. (Ikusi duzuenez ez da gure errua).


2010/10/07

Txakur baten egunerokoa: Goizean goiz

Neguan izan ezik beste urtarotan lorategian lo egiten dut, sukalde ondoko nire txakur-etxetxoan. Egunero-egunero sukaldeko pertsianaren soinua igotzean esnatzen nau goizean goiz. Egiten dudan lehenengo gauza lehio alboan etzan eta aharrausi erraldoia da, gero eta zaratatsuago hobe (honela denek dakite esna nagoela). Amak irribarre batekin agurtzen nau nire izena deituz eta erantzun moduan buztana astintzen dut. Ondoren ama, aita eta alaba nagusia elkarrekin gosaltzen dute. Goizeko nire programa gustukoena da. Leihotik begiratzen dut, beraiek telebista kutxa-tuntuna begiratzen duten moduan. Ama beti dago energiaz beteta goizetan, alaba berriz, beti erdilo. Zombi izenaz ezagutzen dute goizetan, baina berari ez zaio izen hori batere gustatzen. Egia esan, ez dakit zer den zombi bat. Ezta ideiarik ere. Ez da txakur bat behintzat, hori ziur!

Gosaldu ostean ama seme eta alaba txikien logeletara joan ohi da, hauek esnatzeko. Eta aitak hortzak garbitu bitartean, alaba-zombiak galleta bat ematen dit izkutuan. Aitari ez zaio gustatzen ni gozorik jatea, baina arreba-zombi eta biok goxokiak maite ditugu eta bera ulertzen nau. Egunero galleta bat gosaltzen dut. Tira, arrebaren hitzetan murtxikatu gabe irensten dut. Baina hain da txikia nire aho handiarentzat!

Aitak zapatak janzten dituenean da nire goizeko paseoaren ordua iritsi den seinalea. Poz-pozik altxatzen naiz buztana ahalik eta indartsuen astintzen. Paseoa da goizeko momenturik hoberena, galleta baino hobea! Gainera ni bezalako txakur txukun eta garbiak komunera joan beharra du ere. (Badakit sineztezina dela. Hain guapoa eta komunera joan behar? Askotan galdetzen didate, baina ez, ez naiz txakur-banpiroa. Gaur egun modan omen daude. Baina nork nahiko luke odola egunero bazkaltzeko? Eta gordinik gainera! Banpiro hauek ez dute gusturik. Askoz hobeak dira barbakoan aitak egiten dituen txuleta potoloak, nahiz eta niri soberakinak besterik ez eman. Ummm, gosaltzeko txuleta galleta baino hobea litzateke ere!). Txakur batek bere beharak ditu ere.

Goizeko haize freskoa oso gustuko dut aurpegian, ilea orrazten dit eta pelikuletako txakur adoretsu baten itxura dut. Gainera parkea hutsik egon ohi da, lorategi osoa niretzat bakarrik jolasteko! Arratsaldetan beste txakurrekin partekatu behar dut eta ezin dut horrenbeste korri egin eta jolastu (Txakurtxo politen aurrean ondo portatu behar dut).

Pena da aita goizean beti presaka dabilela eta ezin dut gustatuko litzaidakeen bezain paseo luzea eman. Laster etxera itzultzen gara, aita lanera doa eta arreba nagusia eskolara. Seme eta alaba gazteak gosaltzen duten bitartean leihoaren alboan etzan eta begiratzen ditur. Ondoren amarekin joaten dira eta ni etxean bakarrik geratzen naiz eta nire txakur-lan eguna hasten da. Etxea ahalik eta hoberen zaindu behar dut! Guau!


2010/10/05

Txakur baten egunerokoa: Hau bai txakur bizitza!

Zeinek dio txakurraren bizitza erreza denik? Baita zera ere! Nik behintzat 24 orduko lan nekagarria dut eta gutxi balitz orain interneten ere agertu behar naiz! Familia bat eta etxe bat zaintzea nahikoa ez balitz bezela, orain munduko txakur-izarra izan behar dut. Tira, nire argazki erakargarriak jartzen badituzte behintzat baliteke txakurtxo politen bat nitaz maitemintzea. Parkeko neskak hain dira itxiak! Behintzat gizaki emeen artean arrakasta handia dut. Ufff...

Beno, zertan ari nintzen? A, bai, txakur-bizitza ez da dirudien bezain erraza.

Egunero goizean goiz aita eraman behar dut paseoan. Bai, ondo irakurri duzue. Ez nau ni eramaten paseatzera, nik bera baizik. Bestela a zein bizitza aspergarria edukiko luke egunero esnatu bezain pronto lanera joan beharko balu. Niri esker goizeko paseotxoa egin ondoren askoz alaiago joaten da lanera. Ez badakizue nire izena Jai da eta izenak esaten duen moduan txakur alaia naiz eta nire familia alai egote da nire eginkizunik nagusiena.

Goizeko paseoa aitarentzat da. Eguerdian berriz, umeekint joaten naiz. Gaur egungo gazte hauek bestela etxean pasatuko lukete egun osoa irudi-kutxa tuntunari begira (Nik lehiotik begiratzea nahiago dut, askoz ere intergarriagoa). Eta gauean amaren txanda da. Lanetik nekatuta etorri ostean hoberena aire freskoa hartzea baita eta buruko mina freskatzea. (Amak hori esaten du behintzat). Batzuetan arratsaldean ere paseo luzea ematen dugu. Oso gustukoa dut, bereziki familia osoa elkarrekin goazenean.

Eta zer egiten du txakur honek eguneko beste ordu guztietan? Etxea zaindu noski. Txakur baten lana da ezezagunak uxatzea eta norbait hurbiltzen bada etxekoei abisatzea.

-Txakur honekin ez dugu tinbrearen beharrik-esaten du amak sarri- Norbait gerturatzen bada zaunka egiten du eta!

Pozik jartzen naiz hitz horiek entzuten ditudan bakoitzean eta isatsa mugitzen dut indartsu.

Txakurraren azken lana gure lana erraza dela pentsaraztea da. Hau dela eta, sarri lo nagoela dirudi, baina ez da egia! Bene-benetan guztiz erne nago. (Tira, ia beti).Honegatik entzungo duzue honelakoak:

-Jaik eguna lotan pasatze du!

-Bai lasaia txakur bizitza!

-Tira, tira, gaixoak ez du ezer besterik egiteko. Hainbeste ordu libre banitu ziurreik nik ere lo egingo nuke.

Txakur baten zeregina da lo plantan jarraitzea ezer entzun ez balu bezala.