2010/10/06

Suhiltzaile onenak gu gara!

Asteazkena, 2010ko urriak 6

Gaur Vito eta biok larrialdietako plana martxan jarri dugu. Arratsaldeko lauretan bat-batean munstro erraldoi bat sartu da kaiolaren atetik eta biok ahalik eta lasterren gure etxetik atera gara kaiolaren eta gure segurtasuna ziurtatzeko. Beheko solairuko ertz guztiak miatu behar izan ditugu izaki handi horrek kalterik sortu dituen ala ez ikusteko. Jakina da gure munduan ez daudela munstrorik, baina bai esku erraldoiak. Esku hauek olagarro bat balitz bezala, gu hartu nahi gaituzte. Eta gero? Zer gertatzen da eskua hartzen zaituenean? Mitoek esaten dute eskuan egon ondoren ez zarela berriro kaiolara itzultzen. Beste kontakizunen arabera, berriz, eskuaren asmoa gu laztantzea da (eta badakizue dutxatu ondoren ez dela atsegina).

Vito eta ni ez gara ausartzen badaezpada, suhiltzaile bagina bezala barroteetatik jaitsi gara malda alde batera utziz. Trebetasun handia garatu dugu belaunaldiz belaunaldi barroteetatik irristatzeko. Nahiko dibertigarria da, baina une horretan garrantzitsuena ez da ondo pasatzea, larrialdi baterako prestatzea da. Beraz, beheko solairuan dugun kartoizko tunel batean gorde gara eskuaren lurrikara pasa ondoren. Ondoren, dena bere onera itzultzeko ekorketa berezia egin behar izan dugu. Zerrauts guztia izkinetara bota dugu eskua berriro etor ez dezan, baina uste dut amari ez zaiola asko gustatu gure idea. Ez dakit zergatik baina gero elurretan hasi da. Beno, gure hizkeran ez diogu elurtea deitzen, "zerrauztea" baizik. Nik uste dut ama sorgina dela eta ez zaionez gustatu nola ekortu dugun gaur, eguraldia aldatu du. Dena dela, "zerrauzte" hau (zerrautsa zerutik jaustea) ez du denbora asko iraun.

2 comentarios:

  1. Badakizu nolakoak garen hamster roborowskiak! Beti dibertigarriak eta oso oso iheskorrak (esku erraldoietatik ihes egiteko!)

    ResponderEliminar