Neguan izan ezik beste urtarotan lorategian lo egiten dut, sukalde ondoko nire txakur-etxetxoan. Egunero-egunero sukaldeko pertsianaren soinua igotzean esnatzen nau goizean goiz. Egiten dudan lehenengo gauza lehio alboan etzan eta aharrausi erraldoia da, gero eta zaratatsuago hobe (honela denek dakite esna nagoela). Amak irribarre batekin agurtzen nau nire izena deituz eta erantzun moduan buztana astintzen dut. Ondoren ama, aita eta alaba nagusia elkarrekin gosaltzen dute. Goizeko nire programa gustukoena da. Leihotik begiratzen dut, beraiek telebista kutxa-tuntuna begiratzen duten moduan. Ama beti dago energiaz beteta goizetan, alaba berriz, beti erdilo. Zombi izenaz ezagutzen dute goizetan, baina berari ez zaio izen hori batere gustatzen. Egia esan, ez dakit zer den zombi bat. Ezta ideiarik ere. Ez da txakur bat behintzat, hori ziur!
Gosaldu ostean ama seme eta alaba txikien logeletara joan ohi da, hauek esnatzeko. Eta aitak hortzak garbitu bitartean, alaba-zombiak galleta bat ematen dit izkutuan. Aitari ez zaio gustatzen ni gozorik jatea, baina arreba-zombi eta biok goxokiak maite ditugu eta bera ulertzen nau. Egunero galleta bat gosaltzen dut. Tira, arrebaren hitzetan murtxikatu gabe irensten dut. Baina hain da txikia nire aho handiarentzat!
Aitak zapatak janzten dituenean da nire goizeko paseoaren ordua iritsi den seinalea. Poz-pozik altxatzen naiz buztana ahalik eta indartsuen astintzen. Paseoa da goizeko momenturik hoberena, galleta baino hobea! Gainera ni bezalako txakur txukun eta garbiak komunera joan beharra du ere. (Badakit sineztezina dela. Hain guapoa eta komunera joan behar? Askotan galdetzen didate, baina ez, ez naiz txakur-banpiroa. Gaur egun modan omen daude. Baina nork nahiko luke odola egunero bazkaltzeko? Eta gordinik gainera! Banpiro hauek ez dute gusturik. Askoz hobeak dira barbakoan aitak egiten dituen txuleta potoloak, nahiz eta niri soberakinak besterik ez eman. Ummm, gosaltzeko txuleta galleta baino hobea litzateke ere!). Txakur batek bere beharak ditu ere.
Goizeko haize freskoa oso gustuko dut aurpegian, ilea orrazten dit eta pelikuletako txakur adoretsu baten itxura dut. Gainera parkea hutsik egon ohi da, lorategi osoa niretzat bakarrik jolasteko! Arratsaldetan beste txakurrekin partekatu behar dut eta ezin dut horrenbeste korri egin eta jolastu (Txakurtxo politen aurrean ondo portatu behar dut).
Pena da aita goizean beti presaka dabilela eta ezin dut gustatuko litzaidakeen bezain paseo luzea eman. Laster etxera itzultzen gara, aita lanera doa eta arreba nagusia eskolara. Seme eta alaba gazteak gosaltzen duten bitartean leihoaren alboan etzan eta begiratzen ditur. Ondoren amarekin joaten dira eta ni etxean bakarrik geratzen naiz eta nire txakur-lan eguna hasten da. Etxea ahalik eta hoberen zaindu behar dut! Guau!
Zu bai txakur argia! Alaba konkistatzen duzu galletak lortzeko!! Gu ere teknika hori erabili beharko dugu.
ResponderEliminarVito eta Lucky