2010/12/02

Dolu-eguna

Atzo eta gaur oso egun tristeak izan dira guretzat. Blog honetan gure sentimendurik sakonenak espresatu arren, gure familiarenak, bideoak, jokoak eta gure partetik ahal dugun guztia jarri arren ez dugu irabazi Bilblogari saria. Vito eta biok atzo ez ginen gure iglu-dendatik atera gure haserrea adierazteko baina ez zigun inork kasurik egin. Ama ere oso triste egon zen, baina ez zuen ezertarako balio. Zergatik? Zer egin dugu txarto? Ez al zaizue gustatzen gure idazteko modua? Gure estiloa? Gure bideoak? Gure argazkiak? Gure sarrera kopurua? Ez dugu ulertzen! Hainbeste gorroto gaituzue animalioi? Horregatik diskriminatu gaituzue? Badakigu ez dugula albisteei buruz hitz egiten, baina gure eguneroko bizitza oso garrantzitsua da eta originala bai, behintzat! Hori ezin diguzue esan ez dela originala. 

Epaileak gure lana baloratu ez arren, espero dugu beste irakurle batzuk gure lana baloratzea eta gure zaleak izatea!! Musu bat etxeko abere guztiei eta segi lan egiten! Egunen batean, gizakiok baino lan bikoitza egin dugunean beharbada, gure merezimenduak jasoko ditugu.


2010/11/28

Igandea, 2010ko azaroak 28

Zelako eguna izan dut gaur! (Luckyk dio). Gaur goizean beti bezala sei eta erdietan altxatu naiz argia pizten didatelako. Ez dakit zergatik duen amatxok ohitura hori, baina, egunero iratzargailua balitz bezala ez dit uzten ohean geratzea. Normalean saiatzen naiz nire aita iratzartzen, baina bera ni baino lotiagoa da eta beti geratzen da lotan. Beraz, etxeko lan guztiak nik egin behar ditut, bidezkoa iruditzen zaizue? Semeak aitari gosaria jarri, zorua txukundu...


Gosaria jartzea ez da batere erraza. Hasteko ogia pilota itxura izan behar du, ahalik eta borobilago hobe. Beraz, altxatzen naizenean karraskatu behar dut ogiaren azala mamia borobila utziz. Gizakiok dituzuen bezala palmerak bere itxurarekin, gure ogia borobil formakoa izan behar du, bestela ez da kalitate onekoa eta hamster gehienek dakite hori.

Ondoren, zorua txukuntzen dut eta eginbehar hau nahiko konplexua iruditzen zait. Aldaparen behekaldea ez du zerrautsik izan behar asko gustatzen zaigulako zorutik irristatzea. Bestetik, zerrauts gehiena gurpilaren behealdean pilatu behar dugu, horrela, marruskadura indarragatik gurpila mugitzea zailagoa izango da eta erronka bat izango da. Maiz, Vito eta nire artean txapelketak egiten ditugu eta irabazlea da bira gehien eman dituena (kontuan izanik behean zerrauts piloa dagoela gurpila geldiaraziz).

Ikusten duzuenez goizeko etxeko lanak trebetasuna eskatzen du nire partetik. Gainera, ez dakit zergatik baina gure amatxo maitea ez dago batere ados gure etxeko lanak egiteko moduarekin. Beti dago zorua desantolatzen aldaparen behealdea zerrautsez betetzen eta gurpilaren behealdean zerrautsa kentzen. Kaiola honetan argi dago pisukide alferrena ama Sonia dela, berak ez ditu etxeko lanak egiten eta egiten baditu dena aldrebes egiten du. Egunen batean kartel batean jarri beharko ditut argibideak!

2010/11/27

Carbiren saltoa

Gaur goizean lasai-lasai nebilen kaiolako goiko solairuan plastikozko hodia marraskatzen non bat-batean txistu-hots beldurgarria entzun dudan! Ustekabean hartuta salto ikaragarria eman dut eta beheko solairura erori naiz.

Berehala hasi dut inbestigazioa zer demontre gertatu den jakiteko. Azalpena erraza da: amari ez zaio gustatzen plastikozko hodia karraskatzen dudanean, nire etxea jango dudala dio. (Zelako ergeltasuna!). Haserre, ikustean zertan ari nenbilen txistu  egin du ni ohartarazteko. Baina ez zuen uste horrelako sustorik hartuko nuenik, ez behera jauziko nintzenik. Tira, barre egin dit horren gutxirekin hainbeste beldurtu naizelako. Amak ez nau ulertzen!


2010/11/26

Azterketa medikoak gorroto ditut

Ostirala, 2010ko azaroak 26

Kaixo lagunok! Gustakovich naiz. Badakizue zer den azterketa medikoa? Guztioi gustatzen ez zaigun miaketa fisikoa da. Normalean medikuak dira azterketa hau egiten dutenak. Organu eta aparatu guztiak begiratzen dituzte patologiak baztertzeko. Nire kasuan, ama medikuntza ikasten zuenez, azterketa medikoak egiten zizkidan. Ados, ez ziren oso azterketa sakonak baina beti buruz behera jartzen zidan sabela aztertzeko. Zergatik galdetuko duzue? Ni hamster arra nintzenez, guruin bat neukan sabelaren erdian niri usaina emateko eta sexualki erakargarria egiten zidana. Alabaina, batzuetan guruina infektatu ahal zen eta horregatik ama etengabe begiratzen zidan tripa. 

Bestetik, azkazalak ere begiratzen zizkidan eta askotan hauek mozten zituen. Badakit batzuetan zenbait gauzekin nahasten nintzela, baina zergatik nire azkazal politak moztea? Ez zitzaidan hau batere gustatzen eta horregatik zeregina zailtzen nion. Etengabe mugitzen nintzen eta orduan ama ez zen ausartzen hauek moztera! Orain zer diozu ama? Ni gogaitzen jarraituko duzu?

2010/11/24

Ederra naiz benetan!

Iruzkinen batean irakurri dudanez polita naizela, nire argazki batzuk erakutsiko dizkizuet ikus dezazuen nire edertasuna. Gainera, orain dela egun batzuk kaletik nenbilela esan zidaten galanta nintzela, beraz, sinistu beharko dut, ezta?

Argazki honetan ikus dezakezue zein den nire jarrerarik gustokoena: bi hankatan egotea. Ez dakit zergatik ez nintzen gizaki bezala jaio ze niri ere bipedestazioa izugarri gustatzen zait. Lau hanketan egotean askoz ere baxuagoak gara eta ez dugu gure aldamenean gertatzen denaz ohartarazten. Ondorioz, etengabe bi hanketan jarri behar naiz zerbaitetaz enteratzeko.


Ohea hamaika aldiz esan didate ez dagoela txakurrentzat diseinaturik, baina zergatik? Ez dut ulertzen zergatik txakurrok ezin garen ohearen gainera igo! Nik izugarri maite dut ohera igotzea. Oso handia da, gainera, biguna, beraz ezinhobea lo egiteko! Alabaina, disimuluan egin behar dut denbora osoan bestela errieta egiten didate.

Hau da nire peluxerik gustokoena. Nire amarena ere gustokoena denez, ez dit berarekin jolasten uzten. Orain dela gutxi, txakur-peluxe bat erosi zidan, baina ez da elur-orein hau bezalaxe. Elur-oreina mundiala da, bere ukimena hain da leuna!

Irudi honetan ikus dezakezue txikitatik txapinak maite ditudala. Obsesio antzeko bat daukat beraiekin, baina hori gertatzen zaigu ia txakur guztioi, ezta? Beraz, geneetan izan omen dugun ideia finkoa da, ni ez naiz erruduna!


Tira, edozein motako zapatilak ere atsegin ditut, onartzen dut. Nire jostailuak ere baditut nire txokoan baina hauek hartzen baditut jendeak ez dit kasurik egiten. Haien zapatilak hartzen baditut, ordea, berehala konturatzen dira eta nire atzetik ibiltzen dira korrika. Hain da dibertigarria harrapatze joko honetan jokatzea!

2010/11/23

Nire hasierak

Asteartea, 2010ko azaroak 23

Gaur nire familiaren istorioa azalduko dizuet. Ni baserri batean jaio nintzen nire txakur anaiarekin batera. Biok oso pozik geunden inguru hartan: txikitatik korrika egin genezake, anaiarekin borrokatzen nuen... Alabaina, hilabete batzuk nituenean hiriko etxe batera eraman ninduten txakur ama ezin ginduelako bioi zaindu. Hemen hasi zen nire oraingo bizitza. Dakizuenez, ama eta Carla arrebarekin bizi naiz, oso-oso pozik. Nahi ditudan laztanak ematen dizkidate, kalera egunero hainbat alditan ateratzen naiz, txakur eme askorekin jolastu dezaket, etxebizitzaz aldatzen dut noizean behin...

Herenegun, ordea, nire iraganeko bizitzara itzuli nintzen segundu batzuetan. Beste baserri batera eraman ninduten eta nire anaia ikusi nuen! Bai, ezin nuen sinetsi, hain aldatuta zegoen. Noski, ni bera baino askoz ere dotoreagoa naiz, ni hiriarekin batera findu naiz. Bera, ordea, oso apatza izaten jarraitzen du. Gainera, kontatu dit seme bat izango duela! Urte bateko adinarekin semea! Esan zidanean ezin nuen sinetsi. Ni oraindik nago nire bizitza bideratzen eta bera seme-alabak izaten jadanik. Kontuan izan behar duzue landan bizi diren txakurrak azkarrago heltzen dira eta seme-alabak goiz izatea ez da arraroa.





Txakur baten egunerokoa: Mendian

Mendira joatea munduko gauzarik hoberena da. Aire freskoa, zelai handiak eta nahi dudan guztia korri egin dezaket, aske eta naturan. Baina oraindik hobeagoa da jende askorekin mendira igotzea. Batzuetan anaiaren ikastolako lagunekin eta haien gurasoekin joaten gara mendira, talde handi batean. Beste txakurrak ere etortzen dira eta nahi beste jolastu dezaket. Gainera guztiok nahi dute nirekin jolastu, umeak oso dibertigarriak dira eta energiaz beteta, asko korri egin dezakegu eta harrapaketetan jolastu. Nagusiek berriz, laztantzen naute eta oso polita naizela esan. Aaaah, hau bai bizitza!

Mendian era guztietako abereak daude. Zaldiak, ahuntzak,ardiak... Ardiak bereziki beldurgarriak dira. Bai, bai, beldurgarriak. Zuri begira geratzen dira adi-adi eta isilik begi handiekin eta beti ari dira belarra jaten! Nire ustez nazkatuta daude horrenbeste belarrarekin eta haragi zati bat noiz erori geratzen dira begira. Gainera, haiengana jolasteko asmoz hurbiltzen bazara segituan korrika ihes egiten dute. Ez dira batere adiskidetsuak, ez. (Ez zaitezte ardietaz fidatu). 


2010/11/22

Tsunami II

Jarraipena...

Kaixo lagunok! Non utzi genuen atzoko pasartea? Gure iglu-denda bustita zegoen oso eta gu izuturik beheko solairuan. Hemengo erpin batean denbora luzez egon ginen lo geratu baikinen eta lotan gaudenean ez dugunez zaratarik egiten, ez dugu ama gogaitzen. Gero, ama kaiolara begira jarri zen beti bezala baina urduri aurpegia jarri zuen. Goiko solairuan finkatu zituen begiak, ondoren, beheko solairuko gurpilan, arrapalan eta azkenik, gu geunden txokoan. Orduan, ama poza aurpegia jarri ondoren kaiola bere lekutik jaitsi zuen eta kaiolaren goiko atala kendu zuen! Aske utzi gintuen segundo batzuk, hain pozik zegoen ama! Gu galdu izan bagina bezala, baina txorakeria da, ezta? Nora joan gaitezke?

Hori gertatu ostean, esku erraldoia kaiolan sartu zen eta iglu-denda desmuntatu zigun! Nola ausartzen da? Ez hori bakarrik, iglu-denda berriro bere lekura jarri zuen baina guztiz aldatuta! Ez zegoen betiko kotoia! Nora joan ote da? Orain material ezberdina zegoen barruan. Zer zen hori? Zuria ere bazen baina ehundura korapilotsua zen. Gu hara joan ginen gai arraro hori marraskatzera toxikoa zen jakiteko. Oso interesgarria zen karraskatu ahal zelako eta moldatu nahi zenuen bezala. Beraz, egitura hori ez zen hain txarra. Gazak ziren amaren esanetan.



Katu marmartia eta hartz maitagarriaren abenturak: Kasurik ez!

IRUDIAN SAKATU HANDITZEKO!



2010/11/21

Zelako tsunami!

Igandea, 2010ko azaroak 21

Orain dela aste bat edontzi zaharrarekin gabilela oso pozik. Amak blog-eko inkestari jaramon egin zion eta gure betiko edontzira itzuli gara. Hala ere, arazoak ere honekin batera etorri dira.

Hasteko, uraska honekin nahiko eroso gaude edateko orduan oso erraza baita. Aska guztiek dute muturrean bolatxo bat mingainarekin bultzatu behar duzuna. Baina uraska honetan bolatxoa errazago bultzatzen dugu eta ondorioz, askoz azkarrago edan dezakegu ura. Alabaina, arazoak datoz kaiolan sostengatzeko oso zaila omen delako. Amak etengabe egokitu behar du hau gure altuerara egoteko.

Atzo gu lasai geunden lo egiten bat-batean hotza nabaritu dugunean. Biok iratzarri ginen eta konturatu ginen kotoia zela gure arazoa: bustita zegoen! Beraz, Lucky eta biok korrika aldapa jaitsi genuen eta beheko solairuko erpin bat eskobatu genuen. Ondorioz, hemen jarri ginen hezetasunetik kanpo egoteko. Oso eroso geunden orain, baina zergatia oraindik ezin genuen ezagutu. Zergatik bat-batean tsunami bat izan dugu logelan? Zer gertatuko da orain? Betiko bizi beharko gara beheko solairuan? Ama konturatuko da?

Jarraituko du...

2010/11/20

Lur vs Dutxa

Gaur Vito eta biok utziko dizuegu Lur txakurtxoaren bideo batekin. Lur koitadua dutxatu behar izan da eta dakizuenez oso gertaera traumatikoa da berarentzat. Nork irabaziko du borroka honetan: Lur ala Dutxa-k? Partiduaren emaitza jakiteko bideoa ikus ezazue:




2010/11/18

Gautarren bizitza

Osteguna, 2010ko azaroak 18

Askotan hitz egin dizuegu gure bizimodu gautarrari buruz, baina zer esan nahi du gautarra izatea? Hasteko, ez dugu gizakion ordutegiekin bat egiten. Hau da, ama lan egiten duenean, hau da, goizean, gu oraindik gaupasan gaude eta beraz iratzartuta. Goizetan lan gehiena egiten dugu, hala nola, eskobatu, kotoia beheko solairura jaitsi, gurpilan ibili etab. Arratsaldeetan ama gure ondoan egon arren ez diogu kasurik egiten lotan baikaude. Ez gara ezertaz enteratzen: musika altu egon daiteke eta gu lo egongo gara. Hala ere, ama agurtzen dugu etortzen denean zaratak iratzarten gaituelako. Arratsaldean zehar txiza egitera eta jatera altxatzen gara eta aprobetxatzen dugu amaren zereginak begiratzeko.

Azkenik, gaua da gure bizitzaren parterik garrantzitsuena. Gaua guztiz sartu denean, Lucky eta biok ohetik altxatzen gara egunari kaixo esateko. Hasteko, txirrikari gogor ekiten diogu sasoi onean egon gaitezen. Bestetik, janariaren bila ibili behar gara zerrauts guztia miatuz eta bata besteari elikagaiak lapurtuz. Buruan eduki behar duzue ilunpean ez dela piperrik ere ikusten, beraz, askotan elkar jotzen dugu. Eta zein da gure atalik gustokoena? Txukuntzea. Badakizue garbi egotea funtzeskoa dela, ondorioz, denbora gehiena txukuntzen igarotzen dugu. Bizimodu bikaina, ezta? Parrandazaleak bezala igarotzen dugu eguna, baina ez bakarrik asteburuetan, baizik eta egun guztietan! Eta beraz: Gau alegeriek, goiz tristiek.

Carbiren abenturak!

Gaur kaiolatik irten naizenean paseo bat ohetik ematera argi nuen zer egin nahi nuen: Pelikula bat! Beraz zuzenean ordenagailu eramangarrira igo naiz eta nire hankatxoekin teklatuan ibiliz amak erabiltzen duen programa filmeak egiteko ireki dut. Pena da ez dakidala nola erabiltzen den. Baina ulertu ote du amak nire mezua? Baietz dirudi, nire bideo berri bat aurki baidaiteke orain interneten! Espero dut nire aktuazio bikaina gustuko izatea!

Carbi




2010/11/17

Gure ohiko bizitza pantailan

Behin eta berriro azaltzen dizuegu nolakoa diren gure ohiturak, baina ikusi beharko gaituzue ekintzan zuek epaitzeko. Bideo honetan ikusiko duzue nola aita eta biok ez garen inoiz ados jartzen. Bat gurpilan dagoen bitartean bestea etxea miatzen dago edota lehenengo solairuan kuxkuxeatzen. Eta horrela igarotzen dugu egun osoa lotan egoten garenean izan arren. Lo egiteko ordua komuna da biontzat eta behar dugu biok batera egotea ondo lo egiteko. Izan ere, biok elkarren kontra jartzen gara lokartzeko eta horrela ez bada ezin dugu loak hartu. Iglu-denda oso handia da hamster bakarrentzat eta ez badugu bestea han bertan, alde batera edo bestera jausten gara lotan gaudenean. 

Gurpilari dagokionez, guretzat ez da kirola egiteko modu bat bakarrik. Gurpila ere komuna bezala erabiltzen dugu eta katetik tiratzeko gurpilan bueltak eman behar ditugu. Amari ez zaio gure txiza egiteko lekua, baina ezin dugu beste leku bat erabili. Kontuan hartu behar duzue lo egin eta gero txizagura nabaritzen dugula eta hurbilen dagoen tokia txirrika dela. Errotak, halaber, badu husteko mekanismoa "katetik tiratzean" (gurpila biratzean). Eta azkenengo funtzioa: txirringa esnatzeko lekua dugu. Hau da, iglu-dendatik jaisten garen bakoitzean ezin gara etxetik lo ibili, beraz, txirringan bereganatzen dugu iratzarrita gaudela.

Eta orain, bideo txiki hau gozatu ezazue! (Ez gara egun guztietan "telebistan" agertzen eta)


Carbiren abenturak: ohean.

Gaur goizean kaiolako atea irekita aurkitu dut eta betiko moduan mundua ikustera atera naiz. Atearen bestalde ohea zegoen, ohea ezaguna dudanez beldurrik gabe ibiltzen naiz alde batetik bestera kuxkuseatzen. Lehenengo esan behar dizuet amaren ohea ez dela nirea bezalakoa. Beti konpontzen saiatzen naiz izarak karraskatuz goxoagoa izateko, nire kotoizko ohea bezala. Baina amak ez du batere gustuko eta beti debekatzen dit izarak karraskatzea. Ez al du ulertzen bere onerako egiten dudala?

Gaur beraz, amari mesederik ez egitea erabaki dut eta ohea ikertzea. Ohea mundu zirragarria da, beti ezberdina da eta. Batzuetan handia eta hutsa. Besteetan mota guztietako gauzak topa daitezke: liburuak, apunteak, arropa, peluxeak, ordenagailu eramangarria eta baita ama ere! Nire ikertzeko teknika sekretua dastamena da. Dena ahora eramaten dut, amaren hitzetan ume txikiak bezala. Apunteak karraskatzen saiatu naiz baina ama haserretu egin da berriz ere. Nik bere onerako egin dut, noski. Apunterik gabe ez du ikasten egon beharko, ezta? Amak ez nau batere ulertzen. (Tira, egia da papera marraskatzea maite dudala, kartoi hobea bada ere. Baina arrazoi nagusia ama izan da. Ulertuta?)

Boligrafoa dastatu dut ere, baina ukitzen nuen bakoitzean ihes egiten zuen bueltaka kuadernoan behera. Ez da oso adiskidetsua boligrafo hori. Dibertigarria da ordenagailu eramangarri gainean ibiltzea txirrista baten moduan irrist egiten duzulako! Azkenik Winni Pooh-rekin jolastu nahi izan dut. Asko gustatzen zait sakeleko telefonotik zintzilik dagoen Winni panpintxo hori, karraskatzeko ezinhobea da. Baina berriz ere amari ez dio graziarik egin. Ez dago eskubiderik! Ezin al dut ere karraskatu ala?

Behin oheko gauza guztiak aztertuta, ohetik bestalde zer dagoen ikertu behar da. Eta hara! Ohe alboan ezti usaineko kutxa misteriotsu bat zegoen. Hurbildu naiz eta sudurra sartu hobeto usaintzeko eta bat-batean ZAPLAST! Irrist egin dut eta kutxa barnera erori. Eskerrak jerbo entrenatua naizela. Azken unean eskutxoekin kaxaren bazterrera heldu naiz amildegira erori aurretik eta pelikuletalo "Triple salto mortal" horietako batekin igo egin naiz berriz ere ohera. Akzio-filmetan agertzeko prest nago jada! Salto ezin hobea izan da eta.

Ondoren abentura nahiko izan direla egun baterako erabaki dut eta kaiolara bueltatu bazkaltzera. (Hainbeste kirolaren ostean gose izaten naiz eta; eta jan ondoren siesta bota behar da jakina). Ama oso harro dago nire filmeko saltoaz eta kontatu dit kutxa hori zereal-kaxa hutsa zela. Beharbada beteta egon balitz ez legoke amildegira erortzeko arriskurik. Ah, zein usain goxoa zuen!


Carbi.


2010/11/16

Burdinezko barrak, ze goxoak!

Asteartea, 2010ko azaroak 16

Kaixo, nire izena Gustakovich da eta espiritu bat izan arren, blog honetan hitz egingo dizuet nik bizitako esperientzen berri emateko. Ni hamster errusiarra nintzen eta nire portaera beraz, ez da hamster roborowski horiek ezagutzen dituzuena bezala. Ni askoz txintxoagoa nintzen nahi nuenean, noski. Hasteko, ni ez nion ama Soniari hainbeste buruko min eragiten ez nintzelako garbitzaile amorratua. Janaria nire lekuan neukan, komuna beste leku batean eta logela bestean. Hala ere, ez nituen txokoak hain garbi uz
ten ez nuelako nire denbora eskobatzen xahutzen. Amak eskerrak eman beharko lidake ez nuelako kaiolaren kanpoaldea zerrautzez betetzen.

Kaiolan egotea zen niri asko gustatzen zitzaidana. Badakit arraroa dela, baina nik gustokoa nuen burdinezko barrak izatea. Burdinezko barrak oso goxoak gogoratzen ditut. Izugarri gustatzen zitzaizkidan batez ere goiko solairukoak.
Gau osoa ematen nuen burdinezko barrak karraskatzen. Estresaren aurka erabiltzen nituela pentsatzen zuen amak, baina egia esanda burdinezko barrekiko maitasuna zen nik sentitzen nuena. Burdin trangak hortxe zeuden beti ni hozteko beroa nuenean, ni sostengatzeko funtzioa zeukaten sabaitik zintzilikatzen nintzenean, irristatzeko funtzioa ere bazuten, zapore bitxia zuten etab. Amak, berriz, ez zuen gure amodioa ulertzen eta beti saiatzen zen ni hauetatik aldentzen. Baina nire maitasuna oso bortitza zenez, lortzen nuen kaiolara berriro itzultzea. Askotan burdinezko barrak kanpotik karraskatu behar izan nituen nire afektua erakusteko.

Nire amodioa, ordea ez da heldu hurreng
o belaunaldi honetara. Vito eta Lucky-k ez dute ni bezalako sentimenduak. Noizean behin Lucky-k burdin trangak marraskatzen ditu baina estresatuta dabilenean bakarrik. Hori ez da benetazko maitasuna. Argi dago: Gauza onak gutxi irauten du.


2010/11/15

Carbiren etxeak

Amak beti dio printzea naizela. Agian horregatik ditut bi etxe. Bata handia da, gaztelu bat bezala, eta hodia eta bigarren solairua eta guzti ditu! Bestea aldiz txikia eta erosoa da. Gainera karabana ere badut. Edo karroza ote? Ez dakit. Kasua da kutxa bat dela alde batetik bestera eramaten nauena, oso erosoa bidaiatzeko, baina batzutan kulunka egiten du eta urduri jartzen naiz. Horretaz aparte bola dut noski, ibilgailu-modelorik berriena eta arrosa kolorekoa gainera! (Bai, amak aukeratu zuen).

Amak printzea naizela dio, aitak berriz mimatua.

Zelako logura!

Ihes egiteko unea!

Zeri begira zaude?

Bigarren solairuan, gazteluaren errege.

Pipak maite ditut!

Zer ote dago hor kanpoan?

Leihotik begira

Argazkirik ez, logure naiz eta!

Libre azkenik?

Ikusten zaitut!

Carla bere osotasunean

Ezagutzen nauzuenez ez dut nire aurkezpena egingo berriro ere. Nire argazkiak erakutsiko dizkizuet ikus dezazuen nolakoa naizen eta nire gustoen berri emango dizuet.

Argazki honetan ikus dezakezue nire barazkirik gustokoena: txikoria-belarra. Landare honen zurtoinak jaten ditut minutu gutxitan. Hain goxoak daude!

Badakit nire itxura arraro samarra dela, zigarro bat erretzen ari naizela dirudi. Baina ez da horrela, nik amak jarritako dieta hitzez hitz jarraitzen dut eta zigarroak ez dira honetan sartzen. Fruitu lehorrak jaten ditut edozein marraskari bezala, ogi gogorra eta barazki ugari. Niri ez zait ura asko gustatzen eta horregatik egunean zehar askotan txistu egin behar dut barazkia emateko. Edozein motatako barazkiak gustatzen zaizkit: aza, azalorea, uraza, azenarioa, espinakak...

Irudi honetan erakusten dizuet nire logela. Ez dut kaiolan lo egiten oso deserosoa baita. Nahiago dut leku bigun bat han etzanda egoteko. Gainera, oso mantsoa naizenez nitaz fidatzen dira eta kaiola ez didate normalean itxita uzten. Beraz, txoko batetik bestera etengabe saltoka ari naiz. 

Hemen ikus dezakezue ez naizela handia ezta txikia ere: tamaina ertainekoa naiz. Sofaren gainera igotzen nautenean ertzak maite ditut eta ez naiz nire neba bezala. Ni ez naiz kuxkuxeroa eta nahiago dut nire bizilekuan egon, oso babestua.

Batzuetan, nire etxebizitza aldatzen duen bitartean, amak uzten dit ohean jartzen baina nebarekin kontu handiz ibili behar du ni musukatzeko nahian dabilelako beti.

Hemen nire saltsara nago! Etxean babestuta eta ikusten duzuenez ez ditut burdinezko barrak behar ez zaidalako kaiolatik irtetzea gustatzen.

2010/11/13

Ezkutaketan jolasten

Zelako ezkutalekuak aurkitu ditugu kaiolan! Oso eraginkorrak benetan. Izan ere, amak denbora luzez egon da gu bilatzen! Zuhurrak gara nahi dugunean, argi dago!

Goizean beheko solairuko kotoian lo egiten egon gara, baina oso deseroso. Ama zarata dezente egin du goiz osoan ez dakigu zergatik, baina ezin genuen begiak batu. Beraz, ordu asko bueltaka ibili ostean konponbide bat bilatzeari ekin diogu. Orduan izan da konturatu garenean gurpilaren azpian sartzen ginela. Asko ekortu eta gero biok leku bat bilatu dugu hemen. Oso eroso ez da ezkutalekua, baina zaratak ez dira hainbeste entzuten gurpilak moteltzen dituelako.

Arratsaldean, berriz, ikusi dugunez amak arreta handiz begiratzen ginduela, beste toki bat bilatu dugu. Oraingo honetan eskailera azpian jarri gara eta horrela ere pixkatxo batean ikustezinak izan gara. Alabaina, azkenean amak beti aurkitzen gaitu. Ezkutaketan amarekin jolasteak desabantailak ditu: berak kaiola osoa miatu dezake amen batean!



2010/11/12

Txakur estralurtarra

Lur naiz berriro ere, ikus dezakezuenez asko gustatu zait blog honetan idaztea. Izan ere, hemen agertu nintzenetik itzal handiko txakurra bihurtu naiz nire auzoan eta hori eskertzekoa da. Oraingo honetan dakartzat oso pasarte dibertigarria.

Gaur dutxatzerako orduan, beti bezala bainuontzian sartu naute. Eta ohitura denez hortik ihes egiten saiatu naiz, baina bainuontziaren hormak irrist egiten dute! Jakin behar duzue ni asko garbitu behar naizela nire ilea oso zikina delako. Beraz, 10 egunero dudan errituala oroimenean gordeta daukat. Hala ere, ustekabeak beti suertatzen dira. Egun batean eskuoihal batekin lehortu ninduten eta asko gustatu zitzaidan. Hurrengo egunean, berriz, ile-lehorgailua erabili zuten eta ez zitzaidan batere gustatu. Izugarrizko zarata egiten du eta gainera airea nabaritzen duzu gorputzaren atal guztietan. Haize-bolada handia egongo balitz, ulertuko nuke sentsazioa, baina etxean egonik oso arraroa iruditzen zait haizea izatea.

Egun gertatu zaidana da xanpuz aldatu dugula. (Guk ez dugu Jerbal essences erabiltzen jerboentzat pentsatuta dagoelako). Xanpu urdin bat erabili dugu eta apar asko sortu da ilea igurtzi didatenean. Oso bitxia iruditu zait apar urdina ikustea. Hala ere, arazoa ez da igurzterakoan gertatu, lehortzerakoan baizik. Ama ni sikatzen zegoen konturatu denean ilea urdina neukala! Korrika etxetik irten behar izan dugu eta albaitarira joan. Hark esan digu kolorea itzulgarria dela, lehenengo egunean gerta daitekeen erreakzioa dela. Ufff, zelako arindura!

Txakur baten egunerokoa: Oporretan

Txakurroi ere oporrak gustatzen zaizkigu. Batzuetan aiton-amonaren etxera noa oporretan. Asko gustatzen zait etxe handia delako, lorategi eta guzti ni nahi dudan bezain beste jolasteko. Gainera aitona denbora asko pasatzen du lorategian lanean eta ni berarekin egon naiteke.

Amonak beti janari goxoa ematen dit! Gero aitak esaten du loditzen naizela, baina nik ez dut uste. Ilea izango da hazten dena eta lodi itxura ematen didana. Gero kirol asko eginda eta listo, kopontzen du aitak arazoa.

Gainera egongelan lo egiten usten didate eta negua bada tximinia aurrean ere! Aiton-amonak oso jatorrak dira. Aitona beti dago adi noiz ni paseatzera eraman eta amonak kalera irteten den bakoitzean berarekin eramaten nau. 

Goizean gosaltzen duten bitartean mahai azpian etzan naiteke, aitonaren oinetan eta aita ez dago esateko hori ez dela nire tokia. Etxean bakoitzak bere lekua baitu sukaldean, bakoitza bere eserlekua eta nik nire txokoa, aitak deitzen duen moduan.

Beraz aiton-amonen etxean egotea oporrak 5 izarreko hotelean pasatzea bezalakoa da! Ez naiz inoiz hotel batean egon baina ziur nago ez dela horren ona aitona eta amonaren etxea bezala.


2010/11/11

Asteburuan bakarrik

Osteguna, 2010ko azaroak 11

Asteburu honetan ez dugu amaren presentzia nabaritu. Ama bakarrik utzi gaitu. Tira, hau ez da egia benetan etxean ama Soniaren ama egon delako. Alabaina, ezberdintasunak nabariak dira. Hasteko, ez digu musika jarri gelan eta hain ohituta gaude ezen asko nabaritu dugun. Ez zaigu isiltasuna gustatzen, asteburu honetan konturatu gara. Nahiz eta ordenagailuko teklatua bakarrik entzun, guretzat aingeru-musika da.

Beste aldaketa bat izan da gelan nabaritu dugun argi aldaketa. Gauean iluntasun nabarmena geneukan eta zaila zen zerbait ikustea. Badakizue gu gautarrak garela eta ohituta egon behar garela, baina ama Soniak beti uzten zigun argi pixka bat, eta horrek lana asko errazten zigun. Bestetik, jateko ohiturak ere aldatu ditugu egun hauetan. Orain jaten eman digute goizetan eta denbora pixka bat behar izan dugu ohitzeko goizean logura handia dugulako.

Beraz, ama Soniarekin hobeto bizi gara. Zergatik utzi gaitu bakarrik etsai-mundu honetan? Ez da hainbesterako izan, ezin gara kexatu baina amak jakin dezan bere falta nabaritu dugula. Ezagutu bako ona baño, ezaututako txarra oba.


2010/11/10

Erratzari irabaziko diot!

Asteazkena, 2010ko azaroak 10

Kaixo! Bruni dut izena eta gaur nire burua aurkeztuko dut. Txakur gaztea naiz, orain dela gutxi urte bat bete dut eta oso pozik nago etxean Carla nire arrebarekin. Dakizuen bezala, bera oso lasaia den bitartean, ni ipurtarina naiz. Edozerk poza eragiten dit. Bai, horrela da, hamsterrak bisitatzera banoa, isatsa alde batera eta bestera mugitzen dut nire poza adierazteko. Esaterako, kalera baldin banoa salto egiten dut edo nirekin jolasten badute oso alai jartzen naiz.

Hori dela eta, nirekin jolasteko edota ondo pasatzeko abere ezinhobea naiz. Familiako kiderik zailenaren maitasuna lortu dut, Soniaren aitarena. (Ama Soniaren aitarena Vito eta Lucky-k ezango lukete). Oso pertsona haserrekorra da eta ez zaizkio animaliak etxean gustatzen. Animaliak landan baino ez ditu ikusi nahi. Hala ere, nire jolasekin barre egiten du eta izugarri gustatzen zaio nik korrika egitera eramaten dudanean. Tira, berak uhala eramaten du, baina nik indarra jartzen dut erritmo ona eroateko.

Egun batean, Soniaren aita erratz batekin ni segika zebilen oso pozik. Ni oso urdurituta nengoen erratza handia zelako. Izan ere, erratzari gatazka irabaztea erronka bezala ikusten nuen. Ni bera baino trebeagoa nintzen eta askoz ere azkarragoa. Alabaina, bat-batean erratza izugarria egin zen: aitaren eskuetan ez ezik, zoruan ere bazegoen erratza. Ni irabazten ari zen erratza erraldoia bihurtu zelako eta ezin nuen horren aurka jo. Beraz, eskobatik aldentzen saiatu baino ez nuen egiten hau desagertu arte. Aitak erratza bere lekura eraman zuen harridura aurpegiarekin.

Gizakientzako azalpena: Erratza ez zen handiagoa egin, itzala zen ni izutzen ninduena. Orain hori badakit baina oraindik ez naiz itzal horretaz fidatzen. Zergatik egun batzuetan agertzen da eta beste batzuetan ez? Ez hori bakarrik, itzala deritzozuen objektu horrek forma ezberdinak hartzen ditu, ez ote da mamu bat? Gizakiok edozertaz fidatzen zarete. Zuek bai inozoak!

2010/11/09

Kontuz! Lapurra!

Asteartea, 2010ko azaroak 9

Lapur bat izan dugu etxean. Gure kaiolan ez, baizik eta gu bizi garen etxean. Gaua zen eta gu lotan geunden oraindik ez zegoelako etxea ilunpean. Ama argiarekin gure alboan zegoen eta bat-batean soinu arraro batzuk entzun genituen. Izugarriak, ikaragarriak, beldurgarriak…ezin ditut deskribatu. Munstro bat etxean egongo balitz bezala.

Gu biok altxatu ginen amen batean eta gure buruak erne jarri genituen. Biok kliska egin gabe geratu ginen amari begira, baina hark jarraitzen zuen lan egiten. Zer egin behar genuen orain? (Ezin dugu zaratarik egin gure ahoarekin, beraz, nola ohartarazi?) Ni goiko solairura igo nintzen aita behean zaintzen zuen bitartean. Ea horrela guri begira jartzen zen eta arriskua sumatzen zuen.

Memento horretan aurkikuntza harrigarria egin nuen. Lapurra zegoen amaren ahoan. Bai, lauki itxurakoa zen eta amak zukutzen zuen indarrez. Horrek eragiten zuen soinu arraro hori: zuku bat zen, alegia, lapurtzat hartu izan genuena. Gu bai inozoak!



2010/11/08

Goizean irri, arratsaldean nigar

Astelehena, 2010ko azaroak 8

Kotoia goiko solairutik jaisteko profesionala izan behar zara. Ezin du edonork hori egin. Horretarako taldeko lana beharrezkoa da eta nahiz eta semea eta biok lagun onak ez izan, honetan bat egiten dugu. Ni goian jartzen naiz trebeagoa naizelako algodoia txarrantxatzen (baina ez dadila Lucky enteratu). Bitartean, Lucky behetik algodoitik tira egiten du (suhiltzaile plantak egiten ditu, nik uste emeak erakartzeko baina ez nago ziur emeei suhiltzaileak gustatzen zaizkien). Horrela, ni iglu-dendatik algodoia ateratzeko gai naiz eta hau harrotu dudanez, orain altuagoa da eta pisuagatik beherantz jotzeko joera izango du. (Amak begiratzen gaitu zoro aurpegiarekin, beharbada,kotoia kardatzearena ez omen da lagungarria, baina bestela nola egin behar dugu? Ama hor dago guri begiratzen eta epaitzen, baina berak ez du lan hau egiten). 

Hortaz, kotoia pisuagatik, txarrantxatu dugulako, tiratu dugulako edo Hamster jainkoak laguntzen digulako bat-batean beheko solairura jausten da. Orduan gu biok, bakoitza erpin batetik kotoia hartuz, gehiago txarrantxatu behar dugu bola zuri bat izan arte. Bola horren barruan igarobide batzuk uzten ditugu hortik irten eta sartzeko. Horrela, berogailu beharrik ez dugu, ikusgaitz bihurtzen gara eta oso eroso gaude. Zer iruditzen zaizu orain, ama Sonia? Barregarria iruditzen al zaizu ikusgaitz egiten garen bakoitzean? Goizean irri, arratsaldean nigar, ezta?



2010/11/07

Jerbal Essences

Dakizuenez nire ametsa aktore famatua izatea da. Hemen daukazue nire azken lana: Jerbal Essences txanpuaren iragarkia!
Carbi


Zelako arrain handia!

Kaixo! Claudio oilarra, Txingurri, Silvester eta Tazmania gara eta gure bizitzari buruz hitz egingo dizuegu. Guztiok arrainontzi handi batean bizi gara baina ez dugu gure bizitza osoan hemen igaro. Hasieran, dendako arrainontzietan bizi ginen, batzuk Galdakaon eta beste batzuk Bilbon. Gainera, espezie ezberdinetakoak gara, beraz, lehengusutzat baino ezin gara hartu.
Nahiko ondo bizi gara. Egunero esku batek jaten ematen digu, baina ez ordu berean ezta esku bera ere. Jende asko egon omen da gurekin bizitzen eta horregatik janari kantitatea ezberdina da. Guri gustatzen zaigu esku handi eta potolo batek ematen digun janaria, beti kopuru handitan izaten da eta inor ez gara gose gelditzen. Beste eskuek berriz janaria uretara bota eta segiduan joaten dira. Beraz, arreta handiz ibili behar dugu janaria eskuratu ahal izateko. Azkarra ez bazara, jan gabe geldituko zara.
Eta bizitza gehiago konplikatzeko, orain bi arrain berri ditugu familian. Bat Bosko du izena eta oso mantsoa da, beraz, ez digu arazorik sortzen. Bestea, aldiz, erraldoia da, gu baino bi aldiz gutxienez eta Estu izena du. Izutzen gaitu baina inoiz ez digu ezer egin. Egun osoa igarotzen du arrainontziaren hormak begiratzen. Gure hipotesia da oraindik ez dela ohitu eta bere etxera itzuli nahi duela. Horregatik, nostalgiaz begiratzen du arrainontzia edota irteera bat bilatzen ari da, nork daki!

2010/11/05

Katu marmartia eta hartz maitagarriaren abenturak: Bota berriak Katurentzat!

KLIKATU IRUDIAN HANDITZEKO!

Ogia gu baino handiagoa da

Ostirala, 2010ko azaroak 5

Ez dugu gure elikadura asko aldatzen. Egunero fruitu lehorrak jaten ditugu eta ogi koskorrak. Asko gustatzen zaizkigu ogi apur horiek oso gogorrak daudelako eta marraskatzeko oso entretenigarriak direlako. Batzuetan masaileko hutsunean sartzen ditugu, baina oro har ezin dezakegu hau egin ogia gu baino handiagoa delako. Bai, bai, ondo irakurri duzue. Nola da posible elikagai bat gu baino handiagoa izatea? Ideiarik ez.

Gaur, gu iglu-dendan geunden bitartean esku erraldoia sartu da eta zerbait utzi du beheko solairuan. Ondorioz, korrika joan gara ikustera zer utzi duen eta ogi erraldoi bat ikusi dugu. Nire ustez, apaingarria edota altzairu modura erabili behar dugu. Aitak, ordea, jateko balio duela esaten dit. Nik kosk egin diot eta betiko ogia bezalako zaporea du, beraz, aitarekin bat nator. Jateko izango da. Baina horrela bada, zergatik gu baino handiagoa da? Ez daki amak horrela oso zaila dela ogia mugitzea? Eta erpina karraskatzea are zailagoa da. Ni ogiaren gainera igotzen naiz ogia jateko, aitak nitaz barre egiten du baina ez dut behealdea beti jan nahi! Asko gustatzen zait ogiaren azala, mamia baino askoz ere hobea da.

Post-data: irudi batean ikus dezakezue gu bezalako kasu bat, hamster koitadua ogia baino txikiagoa da.



2010/11/04

Zelako ileak!

Osteguna, 2010ko azaroak 4

Gogaikarria da benetan ohetik altxatzean izaten dugun orrazkera. Guk ez dugunez ispilurik, ez dugu gure burua ikusten, baina amak ikusten gaitu. Eta zelako aurpegiak jartzen ditu gu altxatu berriak gaudenean. Ezin dugu ekidin, gure naturan dago. Beno, beharbada bata bestea zirikatzen egongo ez bagina, gure orrazkera denbora gehiago iraungo luke.

Alabaina, lo egiteko momentua jolasteko mementorik hoberena da! Ni semearen gainean lo egiten saiatzen naiz baina ez naiz batere ona, azkenean errukiz beti bakean uzten dut. Semea, berriz, bihurria da lotan egon arren. Nahiz eta sakonki lotan egon, nire presentzia nabaritzen du eta pixkanaka-pixkanaka iglu-dendatik at bultzatzen nau. Egunen batean iglu-dendaren kanpoaldean lo egin beharko dut! Barregarriena da ni altxatzen banaiz zerbait egitera bera ere iratzartzen dela, baina ez dela ohetik altxatzen, baita zera ere! Ni igo arte itxaroten dit eta orduan berriro hasten da ni zirikatzen. Neketsua da benetan!!

Beraz, nire orrazkera beti da gehien sufritzen duena. Bekokian marra bat ateratzen zait eta ileak alde bakoitzera banatzen dira. Batzuetan amaren esanetan behintzat, gaixo aurpegia dut ilea begian sartzen zaidalako. Eta gainera orrazkera permanentea eginda banu bezala irauten du, behin eta berriro garbitu arren ileak bere horretan jarraitzen dute.





Txakur baten egunerokoa: Berria etxean

Etxera lehenengo aldiz etorri nintzenean txakur kume beldurtia besterik ez nintzen. Nire hirugarren etxea zen eta hirugarren familia hilabete gutxitan eta ez nengoen etxe berrietan bizitzera batere moldatua. Egun hartan aita eta arreba nagusia etorri ziren ni paseoan nengoela nire bigarren familiarekin. Familiak ezazagun haiei banatu ninduten eta auto batean sartu. Ama! Zelako izua! Bahiketa al zen hura?! Poliziari deitu! Oihuka eta negarrez pasa nuen bide osoa.

Gau hartan ezin izan nuen lo hartu, bakar-bakarrik etxe ezezagun hartan eta ama nire ondoan gelditu zen lokartu nintzen arte. Orduan pentsatu nuen lehenengo aldiz behar bada hura ez zela bahiketa, edo bahitzaileak nahiko jatorrak zirela. Paseatzera eramaten ninduten egunero hiru aldiz gutxienez, laztanak oparitzen zizkidaten eta nirekin jolastu ere!

Hala ere, erabaki nuen arreta bereziarekin ibiltzea. Jartzen zidaten ur-plateratik ez nuen edaten, pozoiturik egon zitekeen eta. Hobe euri-ura edatea oraingoz ziur egon arte. Eta nire egurrezko-etxetxoan ezta sartu ere, noski! Zer demontre zen hori? Inoiz ez nuen ikusi antzeko kubazulorik. Eta uste zuten bertan lo egingo nuela? Baita zera ere! Txikia eta iluna zen!

Tira, tira, nahiko txakur kume beldurtia nintzen. Gaur egun badakit ura ez dagoela pozoitua eta arrebaren saiakera askoren ondoren (galletak sartzen zizkidan etxetxoan sartuko nintzelakoan) nire txabolan sartzen naiz lo egitera noizean behin. Eta autoan ibiltzea maite dut! Magia bezalakoa da, barruan sartu eta beste leku batean agertzen zara. Bai, bai eta leku horretan gauza interesgarri asko egon ohi dira: mendiak, basoak, jolasteko eta korri egiteko lekuak!

Pozik bizi naiz beraz nire behin betiko familiarekin, jada ez dut etxez aldatu beharrik eta denok maite naute. Amak esaten dut erraz jartzen naizela jeloskor beste txakurrak etxera sartzea ez dudalako gustuko. Baina nire familia nirea da eta ez dit inork kenduko eta kito!