Mostrando entradas con la etiqueta Bi hamsterren egunerokoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Bi hamsterren egunerokoa. Mostrar todas las entradas

2010/12/02

Dolu-eguna

Atzo eta gaur oso egun tristeak izan dira guretzat. Blog honetan gure sentimendurik sakonenak espresatu arren, gure familiarenak, bideoak, jokoak eta gure partetik ahal dugun guztia jarri arren ez dugu irabazi Bilblogari saria. Vito eta biok atzo ez ginen gure iglu-dendatik atera gure haserrea adierazteko baina ez zigun inork kasurik egin. Ama ere oso triste egon zen, baina ez zuen ezertarako balio. Zergatik? Zer egin dugu txarto? Ez al zaizue gustatzen gure idazteko modua? Gure estiloa? Gure bideoak? Gure argazkiak? Gure sarrera kopurua? Ez dugu ulertzen! Hainbeste gorroto gaituzue animalioi? Horregatik diskriminatu gaituzue? Badakigu ez dugula albisteei buruz hitz egiten, baina gure eguneroko bizitza oso garrantzitsua da eta originala bai, behintzat! Hori ezin diguzue esan ez dela originala. 

Epaileak gure lana baloratu ez arren, espero dugu beste irakurle batzuk gure lana baloratzea eta gure zaleak izatea!! Musu bat etxeko abere guztiei eta segi lan egiten! Egunen batean, gizakiok baino lan bikoitza egin dugunean beharbada, gure merezimenduak jasoko ditugu.


2010/11/28

Igandea, 2010ko azaroak 28

Zelako eguna izan dut gaur! (Luckyk dio). Gaur goizean beti bezala sei eta erdietan altxatu naiz argia pizten didatelako. Ez dakit zergatik duen amatxok ohitura hori, baina, egunero iratzargailua balitz bezala ez dit uzten ohean geratzea. Normalean saiatzen naiz nire aita iratzartzen, baina bera ni baino lotiagoa da eta beti geratzen da lotan. Beraz, etxeko lan guztiak nik egin behar ditut, bidezkoa iruditzen zaizue? Semeak aitari gosaria jarri, zorua txukundu...


Gosaria jartzea ez da batere erraza. Hasteko ogia pilota itxura izan behar du, ahalik eta borobilago hobe. Beraz, altxatzen naizenean karraskatu behar dut ogiaren azala mamia borobila utziz. Gizakiok dituzuen bezala palmerak bere itxurarekin, gure ogia borobil formakoa izan behar du, bestela ez da kalitate onekoa eta hamster gehienek dakite hori.

Ondoren, zorua txukuntzen dut eta eginbehar hau nahiko konplexua iruditzen zait. Aldaparen behekaldea ez du zerrautsik izan behar asko gustatzen zaigulako zorutik irristatzea. Bestetik, zerrauts gehiena gurpilaren behealdean pilatu behar dugu, horrela, marruskadura indarragatik gurpila mugitzea zailagoa izango da eta erronka bat izango da. Maiz, Vito eta nire artean txapelketak egiten ditugu eta irabazlea da bira gehien eman dituena (kontuan izanik behean zerrauts piloa dagoela gurpila geldiaraziz).

Ikusten duzuenez goizeko etxeko lanak trebetasuna eskatzen du nire partetik. Gainera, ez dakit zergatik baina gure amatxo maitea ez dago batere ados gure etxeko lanak egiteko moduarekin. Beti dago zorua desantolatzen aldaparen behealdea zerrautsez betetzen eta gurpilaren behealdean zerrautsa kentzen. Kaiola honetan argi dago pisukide alferrena ama Sonia dela, berak ez ditu etxeko lanak egiten eta egiten baditu dena aldrebes egiten du. Egunen batean kartel batean jarri beharko ditut argibideak!

2010/11/22

Tsunami II

Jarraipena...

Kaixo lagunok! Non utzi genuen atzoko pasartea? Gure iglu-denda bustita zegoen oso eta gu izuturik beheko solairuan. Hemengo erpin batean denbora luzez egon ginen lo geratu baikinen eta lotan gaudenean ez dugunez zaratarik egiten, ez dugu ama gogaitzen. Gero, ama kaiolara begira jarri zen beti bezala baina urduri aurpegia jarri zuen. Goiko solairuan finkatu zituen begiak, ondoren, beheko solairuko gurpilan, arrapalan eta azkenik, gu geunden txokoan. Orduan, ama poza aurpegia jarri ondoren kaiola bere lekutik jaitsi zuen eta kaiolaren goiko atala kendu zuen! Aske utzi gintuen segundo batzuk, hain pozik zegoen ama! Gu galdu izan bagina bezala, baina txorakeria da, ezta? Nora joan gaitezke?

Hori gertatu ostean, esku erraldoia kaiolan sartu zen eta iglu-denda desmuntatu zigun! Nola ausartzen da? Ez hori bakarrik, iglu-denda berriro bere lekura jarri zuen baina guztiz aldatuta! Ez zegoen betiko kotoia! Nora joan ote da? Orain material ezberdina zegoen barruan. Zer zen hori? Zuria ere bazen baina ehundura korapilotsua zen. Gu hara joan ginen gai arraro hori marraskatzera toxikoa zen jakiteko. Oso interesgarria zen karraskatu ahal zelako eta moldatu nahi zenuen bezala. Beraz, egitura hori ez zen hain txarra. Gazak ziren amaren esanetan.



2010/11/21

Zelako tsunami!

Igandea, 2010ko azaroak 21

Orain dela aste bat edontzi zaharrarekin gabilela oso pozik. Amak blog-eko inkestari jaramon egin zion eta gure betiko edontzira itzuli gara. Hala ere, arazoak ere honekin batera etorri dira.

Hasteko, uraska honekin nahiko eroso gaude edateko orduan oso erraza baita. Aska guztiek dute muturrean bolatxo bat mingainarekin bultzatu behar duzuna. Baina uraska honetan bolatxoa errazago bultzatzen dugu eta ondorioz, askoz azkarrago edan dezakegu ura. Alabaina, arazoak datoz kaiolan sostengatzeko oso zaila omen delako. Amak etengabe egokitu behar du hau gure altuerara egoteko.

Atzo gu lasai geunden lo egiten bat-batean hotza nabaritu dugunean. Biok iratzarri ginen eta konturatu ginen kotoia zela gure arazoa: bustita zegoen! Beraz, Lucky eta biok korrika aldapa jaitsi genuen eta beheko solairuko erpin bat eskobatu genuen. Ondorioz, hemen jarri ginen hezetasunetik kanpo egoteko. Oso eroso geunden orain, baina zergatia oraindik ezin genuen ezagutu. Zergatik bat-batean tsunami bat izan dugu logelan? Zer gertatuko da orain? Betiko bizi beharko gara beheko solairuan? Ama konturatuko da?

Jarraituko du...

2010/11/18

Gautarren bizitza

Osteguna, 2010ko azaroak 18

Askotan hitz egin dizuegu gure bizimodu gautarrari buruz, baina zer esan nahi du gautarra izatea? Hasteko, ez dugu gizakion ordutegiekin bat egiten. Hau da, ama lan egiten duenean, hau da, goizean, gu oraindik gaupasan gaude eta beraz iratzartuta. Goizetan lan gehiena egiten dugu, hala nola, eskobatu, kotoia beheko solairura jaitsi, gurpilan ibili etab. Arratsaldeetan ama gure ondoan egon arren ez diogu kasurik egiten lotan baikaude. Ez gara ezertaz enteratzen: musika altu egon daiteke eta gu lo egongo gara. Hala ere, ama agurtzen dugu etortzen denean zaratak iratzarten gaituelako. Arratsaldean zehar txiza egitera eta jatera altxatzen gara eta aprobetxatzen dugu amaren zereginak begiratzeko.

Azkenik, gaua da gure bizitzaren parterik garrantzitsuena. Gaua guztiz sartu denean, Lucky eta biok ohetik altxatzen gara egunari kaixo esateko. Hasteko, txirrikari gogor ekiten diogu sasoi onean egon gaitezen. Bestetik, janariaren bila ibili behar gara zerrauts guztia miatuz eta bata besteari elikagaiak lapurtuz. Buruan eduki behar duzue ilunpean ez dela piperrik ere ikusten, beraz, askotan elkar jotzen dugu. Eta zein da gure atalik gustokoena? Txukuntzea. Badakizue garbi egotea funtzeskoa dela, ondorioz, denbora gehiena txukuntzen igarotzen dugu. Bizimodu bikaina, ezta? Parrandazaleak bezala igarotzen dugu eguna, baina ez bakarrik asteburuetan, baizik eta egun guztietan! Eta beraz: Gau alegeriek, goiz tristiek.

2010/11/17

Gure ohiko bizitza pantailan

Behin eta berriro azaltzen dizuegu nolakoa diren gure ohiturak, baina ikusi beharko gaituzue ekintzan zuek epaitzeko. Bideo honetan ikusiko duzue nola aita eta biok ez garen inoiz ados jartzen. Bat gurpilan dagoen bitartean bestea etxea miatzen dago edota lehenengo solairuan kuxkuxeatzen. Eta horrela igarotzen dugu egun osoa lotan egoten garenean izan arren. Lo egiteko ordua komuna da biontzat eta behar dugu biok batera egotea ondo lo egiteko. Izan ere, biok elkarren kontra jartzen gara lokartzeko eta horrela ez bada ezin dugu loak hartu. Iglu-denda oso handia da hamster bakarrentzat eta ez badugu bestea han bertan, alde batera edo bestera jausten gara lotan gaudenean. 

Gurpilari dagokionez, guretzat ez da kirola egiteko modu bat bakarrik. Gurpila ere komuna bezala erabiltzen dugu eta katetik tiratzeko gurpilan bueltak eman behar ditugu. Amari ez zaio gure txiza egiteko lekua, baina ezin dugu beste leku bat erabili. Kontuan hartu behar duzue lo egin eta gero txizagura nabaritzen dugula eta hurbilen dagoen tokia txirrika dela. Errotak, halaber, badu husteko mekanismoa "katetik tiratzean" (gurpila biratzean). Eta azkenengo funtzioa: txirringa esnatzeko lekua dugu. Hau da, iglu-dendatik jaisten garen bakoitzean ezin gara etxetik lo ibili, beraz, txirringan bereganatzen dugu iratzarrita gaudela.

Eta orain, bideo txiki hau gozatu ezazue! (Ez gara egun guztietan "telebistan" agertzen eta)


2010/11/13

Ezkutaketan jolasten

Zelako ezkutalekuak aurkitu ditugu kaiolan! Oso eraginkorrak benetan. Izan ere, amak denbora luzez egon da gu bilatzen! Zuhurrak gara nahi dugunean, argi dago!

Goizean beheko solairuko kotoian lo egiten egon gara, baina oso deseroso. Ama zarata dezente egin du goiz osoan ez dakigu zergatik, baina ezin genuen begiak batu. Beraz, ordu asko bueltaka ibili ostean konponbide bat bilatzeari ekin diogu. Orduan izan da konturatu garenean gurpilaren azpian sartzen ginela. Asko ekortu eta gero biok leku bat bilatu dugu hemen. Oso eroso ez da ezkutalekua, baina zaratak ez dira hainbeste entzuten gurpilak moteltzen dituelako.

Arratsaldean, berriz, ikusi dugunez amak arreta handiz begiratzen ginduela, beste toki bat bilatu dugu. Oraingo honetan eskailera azpian jarri gara eta horrela ere pixkatxo batean ikustezinak izan gara. Alabaina, azkenean amak beti aurkitzen gaitu. Ezkutaketan amarekin jolasteak desabantailak ditu: berak kaiola osoa miatu dezake amen batean!



2010/11/11

Asteburuan bakarrik

Osteguna, 2010ko azaroak 11

Asteburu honetan ez dugu amaren presentzia nabaritu. Ama bakarrik utzi gaitu. Tira, hau ez da egia benetan etxean ama Soniaren ama egon delako. Alabaina, ezberdintasunak nabariak dira. Hasteko, ez digu musika jarri gelan eta hain ohituta gaude ezen asko nabaritu dugun. Ez zaigu isiltasuna gustatzen, asteburu honetan konturatu gara. Nahiz eta ordenagailuko teklatua bakarrik entzun, guretzat aingeru-musika da.

Beste aldaketa bat izan da gelan nabaritu dugun argi aldaketa. Gauean iluntasun nabarmena geneukan eta zaila zen zerbait ikustea. Badakizue gu gautarrak garela eta ohituta egon behar garela, baina ama Soniak beti uzten zigun argi pixka bat, eta horrek lana asko errazten zigun. Bestetik, jateko ohiturak ere aldatu ditugu egun hauetan. Orain jaten eman digute goizetan eta denbora pixka bat behar izan dugu ohitzeko goizean logura handia dugulako.

Beraz, ama Soniarekin hobeto bizi gara. Zergatik utzi gaitu bakarrik etsai-mundu honetan? Ez da hainbesterako izan, ezin gara kexatu baina amak jakin dezan bere falta nabaritu dugula. Ezagutu bako ona baño, ezaututako txarra oba.


2010/11/09

Kontuz! Lapurra!

Asteartea, 2010ko azaroak 9

Lapur bat izan dugu etxean. Gure kaiolan ez, baizik eta gu bizi garen etxean. Gaua zen eta gu lotan geunden oraindik ez zegoelako etxea ilunpean. Ama argiarekin gure alboan zegoen eta bat-batean soinu arraro batzuk entzun genituen. Izugarriak, ikaragarriak, beldurgarriak…ezin ditut deskribatu. Munstro bat etxean egongo balitz bezala.

Gu biok altxatu ginen amen batean eta gure buruak erne jarri genituen. Biok kliska egin gabe geratu ginen amari begira, baina hark jarraitzen zuen lan egiten. Zer egin behar genuen orain? (Ezin dugu zaratarik egin gure ahoarekin, beraz, nola ohartarazi?) Ni goiko solairura igo nintzen aita behean zaintzen zuen bitartean. Ea horrela guri begira jartzen zen eta arriskua sumatzen zuen.

Memento horretan aurkikuntza harrigarria egin nuen. Lapurra zegoen amaren ahoan. Bai, lauki itxurakoa zen eta amak zukutzen zuen indarrez. Horrek eragiten zuen soinu arraro hori: zuku bat zen, alegia, lapurtzat hartu izan genuena. Gu bai inozoak!



2010/11/08

Goizean irri, arratsaldean nigar

Astelehena, 2010ko azaroak 8

Kotoia goiko solairutik jaisteko profesionala izan behar zara. Ezin du edonork hori egin. Horretarako taldeko lana beharrezkoa da eta nahiz eta semea eta biok lagun onak ez izan, honetan bat egiten dugu. Ni goian jartzen naiz trebeagoa naizelako algodoia txarrantxatzen (baina ez dadila Lucky enteratu). Bitartean, Lucky behetik algodoitik tira egiten du (suhiltzaile plantak egiten ditu, nik uste emeak erakartzeko baina ez nago ziur emeei suhiltzaileak gustatzen zaizkien). Horrela, ni iglu-dendatik algodoia ateratzeko gai naiz eta hau harrotu dudanez, orain altuagoa da eta pisuagatik beherantz jotzeko joera izango du. (Amak begiratzen gaitu zoro aurpegiarekin, beharbada,kotoia kardatzearena ez omen da lagungarria, baina bestela nola egin behar dugu? Ama hor dago guri begiratzen eta epaitzen, baina berak ez du lan hau egiten). 

Hortaz, kotoia pisuagatik, txarrantxatu dugulako, tiratu dugulako edo Hamster jainkoak laguntzen digulako bat-batean beheko solairura jausten da. Orduan gu biok, bakoitza erpin batetik kotoia hartuz, gehiago txarrantxatu behar dugu bola zuri bat izan arte. Bola horren barruan igarobide batzuk uzten ditugu hortik irten eta sartzeko. Horrela, berogailu beharrik ez dugu, ikusgaitz bihurtzen gara eta oso eroso gaude. Zer iruditzen zaizu orain, ama Sonia? Barregarria iruditzen al zaizu ikusgaitz egiten garen bakoitzean? Goizean irri, arratsaldean nigar, ezta?



2010/11/05

Ogia gu baino handiagoa da

Ostirala, 2010ko azaroak 5

Ez dugu gure elikadura asko aldatzen. Egunero fruitu lehorrak jaten ditugu eta ogi koskorrak. Asko gustatzen zaizkigu ogi apur horiek oso gogorrak daudelako eta marraskatzeko oso entretenigarriak direlako. Batzuetan masaileko hutsunean sartzen ditugu, baina oro har ezin dezakegu hau egin ogia gu baino handiagoa delako. Bai, bai, ondo irakurri duzue. Nola da posible elikagai bat gu baino handiagoa izatea? Ideiarik ez.

Gaur, gu iglu-dendan geunden bitartean esku erraldoia sartu da eta zerbait utzi du beheko solairuan. Ondorioz, korrika joan gara ikustera zer utzi duen eta ogi erraldoi bat ikusi dugu. Nire ustez, apaingarria edota altzairu modura erabili behar dugu. Aitak, ordea, jateko balio duela esaten dit. Nik kosk egin diot eta betiko ogia bezalako zaporea du, beraz, aitarekin bat nator. Jateko izango da. Baina horrela bada, zergatik gu baino handiagoa da? Ez daki amak horrela oso zaila dela ogia mugitzea? Eta erpina karraskatzea are zailagoa da. Ni ogiaren gainera igotzen naiz ogia jateko, aitak nitaz barre egiten du baina ez dut behealdea beti jan nahi! Asko gustatzen zait ogiaren azala, mamia baino askoz ere hobea da.

Post-data: irudi batean ikus dezakezue gu bezalako kasu bat, hamster koitadua ogia baino txikiagoa da.



2010/11/04

Zelako ileak!

Osteguna, 2010ko azaroak 4

Gogaikarria da benetan ohetik altxatzean izaten dugun orrazkera. Guk ez dugunez ispilurik, ez dugu gure burua ikusten, baina amak ikusten gaitu. Eta zelako aurpegiak jartzen ditu gu altxatu berriak gaudenean. Ezin dugu ekidin, gure naturan dago. Beno, beharbada bata bestea zirikatzen egongo ez bagina, gure orrazkera denbora gehiago iraungo luke.

Alabaina, lo egiteko momentua jolasteko mementorik hoberena da! Ni semearen gainean lo egiten saiatzen naiz baina ez naiz batere ona, azkenean errukiz beti bakean uzten dut. Semea, berriz, bihurria da lotan egon arren. Nahiz eta sakonki lotan egon, nire presentzia nabaritzen du eta pixkanaka-pixkanaka iglu-dendatik at bultzatzen nau. Egunen batean iglu-dendaren kanpoaldean lo egin beharko dut! Barregarriena da ni altxatzen banaiz zerbait egitera bera ere iratzartzen dela, baina ez dela ohetik altxatzen, baita zera ere! Ni igo arte itxaroten dit eta orduan berriro hasten da ni zirikatzen. Neketsua da benetan!!

Beraz, nire orrazkera beti da gehien sufritzen duena. Bekokian marra bat ateratzen zait eta ileak alde bakoitzera banatzen dira. Batzuetan amaren esanetan behintzat, gaixo aurpegia dut ilea begian sartzen zaidalako. Eta gainera orrazkera permanentea eginda banu bezala irauten du, behin eta berriro garbitu arren ileak bere horretan jarraitzen dute.





2010/11/02

Dantzari ezinhobeak

Asteartea, 2010ko azaroak 2

Gaur irakatsiko dizuegu nola prestatzen ditugun bion artean koreografia izugarriak. Azkarrak, garbiak eta dotoreak izateaz aparte dantzariak ere bagara! Horretarako, entrenamendu oso bortitzak behar izan ditugu Vito eta ni bat etortzeko, baina lortu dugu! Ikusiko duzuenez, gurpilan txandakatu gara koreografiaren hasieran baloratu dezazuen gure bakarkako lana. Ondoren, biok antzeztokiaren alde ezberdinetan lan egin dugu baina erabat koordinaturik. Azkenik, dantzaren aldirik garrantzitsuena eta hunkigarriena izan da biok batera gurpilan dantzatu (korrika egin) dugunean. Ikus dezakezue zelako trebetasuna behar den gurpilara igotzeko martxan dagoenean. Behatu ezazue biok tramankuluaren gainean gaudenean zelako tankera dugun: biok batera korrika egiten dugu gorputza tente dugularik. Ez dugu entrenatzailerik behar izan oso disziplinatuak baikara. (Bi puntu guretzat, ezta? Premio bat merezi dugu!)


2010/11/01

Lastoa, zer da hori?

Astelehena, 2010ko azaroak 1
Astero gertatzen zaigun moduan, etxea goitik behera aldatu digute. Eta betiko moduan, izugarri haserretu gara. Hala ere, kasu honetan etxea guztiz aldatzea ez da nahikoa izan, zoruan material berria jarri digute. Bai, zerrautsa ez ezik beste elementu bat. Gai honi lastoa deritzogu. Aita eta biok lastoa ikusi dugunean asko asaldatu gara. Zerrautsa ukitzean bigun-biguna da, lastoa zapaltzean, berriz, irrist egiten dugu. Oso desatsegina da. Gainera, ekortzeko orduan asko kostatzen zaigu lastoa izkin batera baztertzea. Zaila benetan.

Egun batzuk pasa ondoren, ordea, lastoa normaltzat hartzen dugu. Eskobatu dezakegu inolako zailtasunik gabe eta lasto-mordoak egin ditzakegu. Bere ukimenera ere ohitu gara, batzuetan barregarria ere iruditzen zaigu. Adibidez, aldapatik korrika jaistea gustatzen zaigu eta lastoa baldin badago behealdean hobeto, horrela, irrist egiten dugu!

Bestetik, amari dagokionez, lastoa ez genuenean bere lekutik mugitzen ez genuen bere oihuak entzuten. Orain, berriro hasi da garrasika lasto eta zerrauts-piloak egiten ditugunean. Zergatik ote? Gu txintxoak gara eta egunero ekortzen dugu etxea antolatuta izateko. Hau txarra al da?

2010/10/31

Edontzi berria

Igandea, 2010ko urriak 31

Amak edontzi berria jarri digu. Aurrekoarekin hainbat arazo izan ondoren, amak erabaki du edontzia aldatzeko ordua dela. Ama gutaz kezkatzen da eta hori asko gustatzen zaigu. Gainera, poza sentitzen dugu altzari berriak lehen aldiz erabiltzen baditugu. Azken binean edontzia altzari bezala daukagu, iglu-dendaren ondoan. Hala ere, ez da dena hain erraza izan, ez horixe!

Hasteko, aurreko edontzia eta edontzi berria jartzeko lanak astunak izan dira. Zelako lurrikarak nabaritu ditugun! Ezin genuen lorik egin, ezta gurpilan ere egon. Behin edontzia jarrita izan dugunean, hain zegoen baxu ezen ezin genuen edan. Horrela egon gara, ura edan ezinik ordu batzuk (badakizue nolakoak diren uraska lanak, beti urarik gabe uzten dizute!). Ondoren, konturatu direnean ezin genuela edan, edontzia igo dute gure altuerara. Orduan hasi dira gure zorigaitza. Mihiarekin askaren bolatxoari eman arren ez da urarik ateratzen. Behin eta berriro mihiarekin bolatxoa bultzatu behar dugu ur tanta bat edan ahal izateko. Haserretzen hasita nago. Halloween-eko txantxa al da?

Horrela bada, jakin dezazuen ez zaigula barregarria iruditzen. Badakizue zenbat denbora egon behar garen ura edaten? Hankarekin indarra ere egin behar dugu eta burua posizioz aldatu behar dugu behin eta berriro ez nekatzeko! Eta hau gutxi balitz bezala, askotan, semea nire gainera igotzen da (ni ura edaten ari naizenean) eta nire kontu ura edaten hasten da.

2010/10/29

A ze kiratsa!

Ostirala, 2010ko urriak 29

Zelako kiratsa duen amak! Gu lotan geunden eta bat-batean menda usaina heldu zaigu. Ezin duzue imajinatu ere egin zelako intentsitatea zuen kiratsak! Jasanezina, benetan! Saiatu gara zerrautsarekin babesten baina ezineskoa, iglu-dendan sartu gara eta horrela usaina arindu dugu. Guk ez genuke aire-freskagarri hau aukeratuko oso bortitza baita.

Gure usaintzeko gaitasuna asko garatu dugu eta horregatik usain finena ere nabaritu dezakegu. Modu honetan konturatzen gara gure inguruan nor dagoen. Adibidez, ama edo amona diren ezberdintzen ditugu. Bruni baldin bada, atea zeharkatzen duen mementotik bere usaina nabaritzen dugu. Lo gaudela plantak egin arren, beti jabetzen da. Muturra burdin barren artean jartzen du eta orduan kiratsa hain da nazkagarria ze iglu-dendatik irten behar dugun. Bai, horrela da gure bizitza: kiratsarik ez mesedez, jasanezina da!!!

Beraz, amarentzako oharra. Mesedez, hurrengoan ez ezazu "reflex" izeneko aire-freskagarri hori erabili, ados? Ez zaigu batere gustatzen.

2010/10/27

Garbiketa

Badakizue garbi egotea eguneroko eginkizuna da. Oso-oso garrantzitsua da dotore egon nahi baldin badugu.  Garbiketa prozesua geneetan daramagu idatzita: lehenengo eta behin muturra garbitu behar dugu bi eskuz; ondoren, buru osoa eta azkenik, sakonki ikuzi nahi dugun atala. Bideo honetan erakutsiko dizuet nola ni (Lucky) garbitzen naizen segundu batzuetan.

Bitartean, aita gurpilan jo ta ke dabil entrenatzen ni irabazteko nahian, baina ezin izango du. Ni bera baino azkarragoa naiz.  Eta horrela ez bada, tranpak egiten ari da.


2010/10/26

Lo egiteko moduak

Asteartea, 2010ko urriak 26

Zuek nola egiten duzue lo? Ohean etzanda, ezta? Gure kasuan ez da zehazki horrela izaten, modu askotan lo egin dezakegu eta. Hasteko azalduko dizuet Lucky-k nahiago duen modua.

Hamsterrok dugun buruaren flexibilitatea oso handia da, beraz, aurpegia aurrerantz izanda buruz behera etzanda lo egin dezakegu. Hau da Lucky-ri gehien gustatzen zaion jarrera. Ia-ia egunero horrela egiten du lo. Gainera, goizean goiz luzatze mugimenduak egiten ditu: burua gorantz mugitzen duen heinean gorputza gero eta lauago jartzen du. Gutxi-gorabehera, tapiz baten tankera hartzen du.

Nire kasuan, eserita lo egitea gustatzen zait. Bai, bai, eserita. Ipurdia algodoian jartzen dut eta eskuak gorputzaren erdian. Kontuan hartu behar duzue jarrera hau ez dela batere ohikoa gure espeziean (gizakiek, berriz, egunero jezartzen dira). Horregatik niri oso berezia iruditzen zait eta erosoa ere bada. Ez gara maiz jezartzen heziera txarrekoa baita. Imajina ezazue sabela garbitu behar dugula, kasu honetan ere ezin dugu ipurdiarekin lurra ukitu. Beraz, hankekin malabarismoak egin behar ditugu ez jauzteko. Alabaina, lo egiteko amak eta semeak ez didatenez ezer esaten, nahiz eta heziera txarrekoa izan, nire ipurdia goxo-goxo algodoiaren gainean jartzen dut.


2010/10/25

Artale jaurtiketa

Astelehena, 2010ko urriak 25

Badakit atzo ama paregabea zela esan nuela, baina gaur ez nago horrekin hain ados. Gaur goizean artalea jaten nengoen oso pozik (Lucky). Orduan, ama gose balitz bezala begiratu dit artalea, hau da, niregana so eta so zegoen. Beraz, asko kostatu arren, artalea bota diot berak har dezan. Eta ez dakizue zelako punteria dudan: iglu-dendatik goiko solairuaren zintarrira bota dut. Amak, ordea, ez du hartzeko plantarik egin. Ez du ezta mutik ere esan. Baina zer gertatzen da? Orain janaria eskaintzea ez da heziera onekoa, ala? Pertsona nazkatia al da? Edonola ere, oso esker txarrekoa iruditu zait niri egin didana! Ez diot berriro ezer eskainiko, zertarako?

2010/10/24

Ama paregabea da

Gaur ze musika polita jarri digun amak. Ama bai argia! Asko gustatzen zaigun musika lasai-lasaia jarri digu eta noski! ze nolako siesta bota dugu soinuaren hotsean! Burua ere mugitu dugu erritmoa jarraituz eta amaren isileko irriak entzun ditugu.

Ama oso atsegina da gurekin, asko zaintzen gaitu. Goizean pertsiana altxatzen du gu argia izateko eta apurka-apurka begiak irekitzeko gauean parranda egin ondoren. Eguerdian soinu maitegarriak egiten ditu gu muturra iglu-dendatik atera dezagun. Horrela, hark daki gu ondo gaudela eta lotan jarraitu nahi dugula. Arratsaldetan musika jartzen digu gu lotan jarraitzeko (musika lasaia jartzen badu) edo gu kirola egiteko (musika alaia jartzen badu). Modu honetan, egunak oso dinamikoak dira eta ez gara ohituran bizi.

Gainera, gauean gu oso erne gabiltzanez, (animalia gautarrak garelako) amak jaten ematen digu. Ez hori bakarrik, amak lagun egiten digu bera ohera joan arte. Goizean goiz altxatzen denean egiten duen lehenengo gauza gu ikustatzea da. Eguraldiari dagokionez ere, ezin gara kexatu. Goxo-goxo egoten gara algodoian lo egiten gela epela dagoelako eta ez dugu nabaritzen kanpoko tenperaturen gora-beherak. Ama bikaina da benetan! Eskerrik asko Aingeru Guardakoa izateagatik.