2010/10/31

Edontzi berria

Igandea, 2010ko urriak 31

Amak edontzi berria jarri digu. Aurrekoarekin hainbat arazo izan ondoren, amak erabaki du edontzia aldatzeko ordua dela. Ama gutaz kezkatzen da eta hori asko gustatzen zaigu. Gainera, poza sentitzen dugu altzari berriak lehen aldiz erabiltzen baditugu. Azken binean edontzia altzari bezala daukagu, iglu-dendaren ondoan. Hala ere, ez da dena hain erraza izan, ez horixe!

Hasteko, aurreko edontzia eta edontzi berria jartzeko lanak astunak izan dira. Zelako lurrikarak nabaritu ditugun! Ezin genuen lorik egin, ezta gurpilan ere egon. Behin edontzia jarrita izan dugunean, hain zegoen baxu ezen ezin genuen edan. Horrela egon gara, ura edan ezinik ordu batzuk (badakizue nolakoak diren uraska lanak, beti urarik gabe uzten dizute!). Ondoren, konturatu direnean ezin genuela edan, edontzia igo dute gure altuerara. Orduan hasi dira gure zorigaitza. Mihiarekin askaren bolatxoari eman arren ez da urarik ateratzen. Behin eta berriro mihiarekin bolatxoa bultzatu behar dugu ur tanta bat edan ahal izateko. Haserretzen hasita nago. Halloween-eko txantxa al da?

Horrela bada, jakin dezazuen ez zaigula barregarria iruditzen. Badakizue zenbat denbora egon behar garen ura edaten? Hankarekin indarra ere egin behar dugu eta burua posizioz aldatu behar dugu behin eta berriro ez nekatzeko! Eta hau gutxi balitz bezala, askotan, semea nire gainera igotzen da (ni ura edaten ari naizenean) eta nire kontu ura edaten hasten da.

2010/10/29

A ze kiratsa!

Ostirala, 2010ko urriak 29

Zelako kiratsa duen amak! Gu lotan geunden eta bat-batean menda usaina heldu zaigu. Ezin duzue imajinatu ere egin zelako intentsitatea zuen kiratsak! Jasanezina, benetan! Saiatu gara zerrautsarekin babesten baina ezineskoa, iglu-dendan sartu gara eta horrela usaina arindu dugu. Guk ez genuke aire-freskagarri hau aukeratuko oso bortitza baita.

Gure usaintzeko gaitasuna asko garatu dugu eta horregatik usain finena ere nabaritu dezakegu. Modu honetan konturatzen gara gure inguruan nor dagoen. Adibidez, ama edo amona diren ezberdintzen ditugu. Bruni baldin bada, atea zeharkatzen duen mementotik bere usaina nabaritzen dugu. Lo gaudela plantak egin arren, beti jabetzen da. Muturra burdin barren artean jartzen du eta orduan kiratsa hain da nazkagarria ze iglu-dendatik irten behar dugun. Bai, horrela da gure bizitza: kiratsarik ez mesedez, jasanezina da!!!

Beraz, amarentzako oharra. Mesedez, hurrengoan ez ezazu "reflex" izeneko aire-freskagarri hori erabili, ados? Ez zaigu batere gustatzen.

Katu marmartia eta hartz maitagarriaren abenturak: Aterkiak eta Katu!

KLIKATU IRUDIAN HANDITZEKO!

2010/10/28

Arraioa! Non daude giltzak?

Kaixo, Carla naiz eta blog honetan idazteko baimena dudanez, nire istorioa kontatuko dizuet. Hasteko, badakizue akuri bat naizela eta nahiko poxpolina gainera! Karraskarien multzoan sailkatzen naute baina ni ere ez nago ados sailkapen honekin. Zuek uste duzue niri Vito eta Lucky-rekin taldekatu behar didatela? Ezta pentsatu ere! Ea ordenagailuen teknologian gehiago murgiltzen naizen eta horrela facebook-ean karraskarien independentzia eskatuko dut, ea horrela inork entzuten nauen. Beste egunen batean niri buruz informazio pertsonal gehiago aipatuko dizuet, baina oraingoz honekin nahikoa da.

Ni Bruni txakurraren arreba naiz. Bai, badakit animalia ezberdinak garela, baina etxe honetan tokatu zait bizitzea eta horrela da! Bruni oso anai astuna da eta horregatik amak berari atentzio handia eskaini behar dio.  (Nire ama, ama Soniaren izekoa da). Etxez aldatzen garen bakoitzean kriston iskanbila sortzen da. Beraz, herenegun, amak atea ireki zuen eta giltzak jausi zitzaizkion. Ni, alaba txintxoa naizenez, giltzak hartu nizkion nire bidai-saskian. Amak, ordea, ez ninduen eskerrarik eman, eroa balitz bezala leku guztietan bilatzen hasi zen giltzen bila. Ni berari begiratzen nion giltzak nituela esateko asmoz baina ez zidan entzuten. Jo ta ke leku batetik bestera zebilen kezkatuta. Minutu batzuk igaro ondoren, ni saskian mugitu nintzen eta orduan amak eskua sartu zuen giltzak hartzeko. Badirudi nire ipurdiarekin giltzak estaltzen nituela! Sentitzen dut, ez nintzen konturatzen. Ipurdi lodia al dut? Bihar dieta egingo dut badaezpada!

2010/10/27

Garbiketa

Badakizue garbi egotea eguneroko eginkizuna da. Oso-oso garrantzitsua da dotore egon nahi baldin badugu.  Garbiketa prozesua geneetan daramagu idatzita: lehenengo eta behin muturra garbitu behar dugu bi eskuz; ondoren, buru osoa eta azkenik, sakonki ikuzi nahi dugun atala. Bideo honetan erakutsiko dizuet nola ni (Lucky) garbitzen naizen segundu batzuetan.

Bitartean, aita gurpilan jo ta ke dabil entrenatzen ni irabazteko nahian, baina ezin izango du. Ni bera baino azkarragoa naiz.  Eta horrela ez bada, tranpak egiten ari da.


2010/10/26

Carbi: Hodeien kondaira

Azkenik lortu dut txakur horren baimena blogean idazteko! Ezagutzen ez naituzuenontzat Carbi jerboa naiz, aktore ospetsua marraskarien munduan, Youtube-en aurki ditzakezue nire filme famatuak. (Tira, bi besterik ez ditut egin orain arte, baina ziur laster askoz gehiago egingo ditudala, hain polita naiz zein ikusleak benetan maite naute).

Gaur jerboen kondaira sekretua kontatuko dizuet, belaunaldiz belaunaldi aho aho kontatu den istorioa: Hodeien biztanleen legenda. Niri amak kontatu zidan eta hari berriz bere amak eta honela gaur arte iritsi da kontakizun eder hau eta orain nik munduari egia azalduko diot. Arretaz irakurri.

Ba al dakizue zer diren hodeiak? Bai, zeruan zintzilikatutako gauza zuri horiek. Hodeiak kotoizko oheak dira benetan, jerboen paradisua eta bertan lehenengo jerboak bizi dira denbora guztian gu, lurreko jerbo txikiak zaintzen. Jerbook kotoi-oheetan lo egiten dugu eta kotoi zati txikiak moldatzeko gai gara handiak bihurtu daitezen, honela ere jaio zire hodeiak. Orain dela milioika urte jerbo batek kotoi zati bat hartu eta hainbeste moldatu zuen non erraldoia bihurtu omen zen. Hain handia zen lurrean berarentzat lekurik ez zegoela eta jerboak zerura eraman behar izan zuen. Behin zeruan kotoi zati erraldoia zati txikiagoetan banatu zuen eta bakoitza bere sema-alaba bati eman zion bertan bizitzeko eta kotoia moldatzen jarraitzeko. Egun hartatik aurrera zeruan kotoi-hodeiak ikus daitezke non erregetzako jerboak bizi diren goxo-goxo gu zaintzen eta lehenengo jerboaren lana jarraituz kotoia gero eta gehiago handituz. Hauetako jerbo batzuk bene-benetan artistak dira eta kotoiari forma bereziak ematen diete. Horregatik zerura begiratzean eta hodeiak ikustean saihatu behar zarete jerboak lanean ikusten eta lortzen baduzue, kontatuko al didazute nola lortzen dituzte hain irudi ederrak sortzea? Nik ohea besterik ez dakit egiten eta!





Lo egiteko moduak

Asteartea, 2010ko urriak 26

Zuek nola egiten duzue lo? Ohean etzanda, ezta? Gure kasuan ez da zehazki horrela izaten, modu askotan lo egin dezakegu eta. Hasteko azalduko dizuet Lucky-k nahiago duen modua.

Hamsterrok dugun buruaren flexibilitatea oso handia da, beraz, aurpegia aurrerantz izanda buruz behera etzanda lo egin dezakegu. Hau da Lucky-ri gehien gustatzen zaion jarrera. Ia-ia egunero horrela egiten du lo. Gainera, goizean goiz luzatze mugimenduak egiten ditu: burua gorantz mugitzen duen heinean gorputza gero eta lauago jartzen du. Gutxi-gorabehera, tapiz baten tankera hartzen du.

Nire kasuan, eserita lo egitea gustatzen zait. Bai, bai, eserita. Ipurdia algodoian jartzen dut eta eskuak gorputzaren erdian. Kontuan hartu behar duzue jarrera hau ez dela batere ohikoa gure espeziean (gizakiek, berriz, egunero jezartzen dira). Horregatik niri oso berezia iruditzen zait eta erosoa ere bada. Ez gara maiz jezartzen heziera txarrekoa baita. Imajina ezazue sabela garbitu behar dugula, kasu honetan ere ezin dugu ipurdiarekin lurra ukitu. Beraz, hankekin malabarismoak egin behar ditugu ez jauzteko. Alabaina, lo egiteko amak eta semeak ez didatenez ezer esaten, nahiz eta heziera txarrekoa izan, nire ipurdia goxo-goxo algodoiaren gainean jartzen dut.


2010/10/25

Artale jaurtiketa

Astelehena, 2010ko urriak 25

Badakit atzo ama paregabea zela esan nuela, baina gaur ez nago horrekin hain ados. Gaur goizean artalea jaten nengoen oso pozik (Lucky). Orduan, ama gose balitz bezala begiratu dit artalea, hau da, niregana so eta so zegoen. Beraz, asko kostatu arren, artalea bota diot berak har dezan. Eta ez dakizue zelako punteria dudan: iglu-dendatik goiko solairuaren zintarrira bota dut. Amak, ordea, ez du hartzeko plantarik egin. Ez du ezta mutik ere esan. Baina zer gertatzen da? Orain janaria eskaintzea ez da heziera onekoa, ala? Pertsona nazkatia al da? Edonola ere, oso esker txarrekoa iruditu zait niri egin didana! Ez diot berriro ezer eskainiko, zertarako?

2010/10/24

Ama paregabea da

Gaur ze musika polita jarri digun amak. Ama bai argia! Asko gustatzen zaigun musika lasai-lasaia jarri digu eta noski! ze nolako siesta bota dugu soinuaren hotsean! Burua ere mugitu dugu erritmoa jarraituz eta amaren isileko irriak entzun ditugu.

Ama oso atsegina da gurekin, asko zaintzen gaitu. Goizean pertsiana altxatzen du gu argia izateko eta apurka-apurka begiak irekitzeko gauean parranda egin ondoren. Eguerdian soinu maitegarriak egiten ditu gu muturra iglu-dendatik atera dezagun. Horrela, hark daki gu ondo gaudela eta lotan jarraitu nahi dugula. Arratsaldetan musika jartzen digu gu lotan jarraitzeko (musika lasaia jartzen badu) edo gu kirola egiteko (musika alaia jartzen badu). Modu honetan, egunak oso dinamikoak dira eta ez gara ohituran bizi.

Gainera, gauean gu oso erne gabiltzanez, (animalia gautarrak garelako) amak jaten ematen digu. Ez hori bakarrik, amak lagun egiten digu bera ohera joan arte. Goizean goiz altxatzen denean egiten duen lehenengo gauza gu ikustatzea da. Eguraldiari dagokionez ere, ezin gara kexatu. Goxo-goxo egoten gara algodoian lo egiten gela epela dagoelako eta ez dugu nabaritzen kanpoko tenperaturen gora-beherak. Ama bikaina da benetan! Eskerrik asko Aingeru Guardakoa izateagatik.

Txakur baten egunerokoa: Laztan mintegia

Egun on, gaur mintegi berezia emango dizuet denok ikas dezazuen txakurrak ondo laztantzen. Klase oso inportantea da eta txakur bat laztantzen duzuen bakoitzean aztertuko ditugu zuen trebatezasuna. Praktikak egitea ez da derrigorrezkoa, baina ondo ikasi nahi baduzue eta azterketa gainditu nota apertekin ahalik eta gehien praktikatzea komeni da. Beraz, arreta berezia prestatu hurrengo azalpenei. 

1- TXAKUR EZEZAGUN BAT NOLA LAZTANDU: txakur ezezagun bati hurbiltzeko orduan hainbat pauso jarraitu baitira. Txakur guztiak ez baitira ni bezain adiskidetsu eta maitagarriak kontuz izatea komeni da, txakur batzuk lotsatiak direlako eta beste batzuk beldurtiak. Lehenik eta behin ezagutzera eman behar zara, honetarako eskua txakurrari aurkeztu usaindu dezan. Txakurrok usainaren bidez agurtzen gara eta keinu sinple hau oso edukazio onekoa iruditzen zaigu. Behin txakurra zure usaina ezagutu ondoren onartuko zaitu eta bera laztantzeko gai izango zara. Hasieran hobe da aho azpian laztantzea txakur batzuentzat eskua buru gainean ipintzea mehatxu keinua baita. Nirekin topo egiten baduzue ordea beldurrik gabe laztandu, ferekak maite ditut eta!.

2- NON ETA NOLA LAZTANDU: buruan laztanak gustatzen zaizkigu, baita belarri atzean ere. Hala ere nire ustez hoberena tripan laztanak jasotzea da. Noski ez diot edonorri nire sabelaldea erakutsiko (ez teorian behintzat), baina behin konfiantza irabazita ahoz gora etzango naiz pozik nire sabela laztandu ezazun! Mundukorik hoberena, masaje gozoena eta hain erlaxagarria. Kontatuko dizuet nire sekretua: tripan kilinak ditut, bai, bai, bular-kutsatik gertu. Eta kilinak egiten badizkidazu hankatxoa mugitzen dut pozik. 

Oso klase garrantzitsua denez eta irakasle ulerkorra naizenez boluntario aurkezten naiz praktika dezazuen. Nahi duzuenean laztantzen utziko naiz, badakizue gainera non ditudan gogokoen ferekak. Zain egongo naiz!


2010/10/23

Zelako lotsa!

Larunbata, 2010ko urriak 23

Gaur oso egun arraroa izan da. Goizean ama beti bezala goiz altxatu da eta gurekin egon da bera ikasten eta gu lo egiten. Ondoren, ama estresaturik ibili da leku batetik bestera altzairuak mugitzen eta gu lekuz aldatu gaitu. Ezin izan dugu, ordea, protesta egin ez digulako astirik eman, konturatu garenean bakarrik geunden etxean.

Denbora apur bat pasa eta gero, zarata asko entzun dugu. Jende ugari zegoen etxean batera hitz egiten. Nola ulertu daitezke denak batera hitz egiten badute? Misterioa! Hori ez da izan misteriorik handiena, ostera. Bat-batean atzerritar batzuek hartu gaituzte kaiola eta guzti. Eta amak hori ahalbidetu du! Eta harroputzak badira edo hiltzaileak edo bahitzaileak? Zorionez, bakarrik haien hotsak entzun ditugu eta noizean behin hatzamar batzuk ikusi ditugu burdin barren artean. Hala ere, arratsalde osoan egon dira gure kaiola arreta handiz begiratzen. Itsusiak al gara? Badaezpada berriro garbituko gara, muturra zinkinduta izan dezakegu eta. Gutaz barre egiten egon ote dira? Zelako lotsa! Lucky, garbitu zaitez oraintxe bertan!!!

2010/10/22

Kirolari apartak

-Dotore, dotore atera gara, ez al duzu uste, seme? -dio Vitok.

-Bai, aita, ederrak garenez oso fotogenikoak gara -erantzun du Lucky-k.

Ikus dezakezuenez, kirolari apartak gara. Asko gustatzen zaigu sasoi onean egotea gure itxura oso garrantzitsua baita guretzat. Egunean zehar lau-bost dutxa izaten ditugu eta horretaz gain, muturra etengabe garbitu behar dugu gure gorputzeko atalik estimatuena delako. Kirola gustokoa dugu oso aktiboak garelako eta bestetik, dotore egon nahi garelako. Gai honetan semea eta ni ados gaude biok oso irtirinak garelako. Beraz, ni gurpilan korrika egiten baldin banago, semeak txanda eskatzen dit eta gurpila berari uzten diot bideoan agertzen den bezala.

Beste zenbaitetan, berriz, biok kirola egiten dugu elkarrekin. Hau zaila dela pentsa dezakezue baina ez da hainbesterako. Biok nahiko ondo sartzen gara gurpilan gorputz ederrak ditugulako (ez zaigu gu geu goraipatzea gustatzen, baina egia besterik ez da). Gainera, biok kirola batera egiten badugu lehiakortasuna handitzen da eta asko gustatzen zaizkigu lasterketak egitea.


2010/10/21

Txakur baten egunerokoa: Azterketarik ez!

Azterketak gorroto ditut. Zergatik? Txakurrok ez ditugu azterketak eta. Bai, egia da ez ditugula azterketarik baina nire anai-arrebak badituzte eta bereziki zailak dira arreba nagusiarenak. Azterketak dituenean bere logelan giltzaperatzen da eta jateko soilik irteten da, eguna pasatzen du liburuen artean eta ez du nirekin jolasteko ez gogorik, ez astirik. Gainera humore txarra eduki ohi du, beti nekatuta eta kezkatuta dabil eta gutxitan barre egiten du.

Baina azterken azken eguna maite dugu arrebak eta biok. Egun horretan, azterketak amaitu ostean parkera joaten gara elkarrekin eta paseo luzea eman ondoren banku batean esertzen da liburu batekin irakurtzera. Bitartean ni parketik ibili naiteke nahi dudan hainbeste, beste txakurrekin jolastu eta beregana hurbiltzen banaiz asko laztantzen nau, baita kilimak egin ere!

Suposatzen dut garai zailen ostean beti datozela une hobeak!

Gustakovich-ren abenturak

Ezagutzen duzue jadanik Gustakovich hamster errusiarra. Gaur bi bideo jarriko ditugu hemen Gustakovich hobeto ezagut dezazuen. 

Lehenengo bideo honetan ikusiko duzue nola Gustakovich oso denbora laburrean azenario zati bat jateko gai dela. Ez da magia kontua! Aipatu dizuegunez, Gustakovich oso masail handiak ditu eta beraz, hemen sartzen ditu azenario zatiak. Bera bai azkarra!

Bigarren bideo honetan Gustakovich protagonistak ohearen bazter guztiak miatu nahi ditu eta ohetik jaisten saiatzen da.


Lucky -Oso hamster kuxkuxeroa dugu Gustakovich, ez duzu uste?

Vito -Bai, ados nago zurekin. Ez dakit nola amak jasaten zuen hain animalia astuna. Gu askoz ere txintxoagoak gara. Ez al duzu uste?

Lucky -Bai, hori begi bistaz ikusten da. Gu oso obeditzaileak gara, kontrakoa nork pentsatuko luke?

2010/10/20

Sherlock eta Watson

Asteazkena, 2010ko urriak 20

Bizitza hain da krudela! Egun osoan eskobatzen nago nire hanka eta esku koitaduekin eta ez dit ezertarako balio! Hurrengo mementoan zerrautsa leku berean dago eta berriro prozesu guztia hasi behar dut. Zergatik zerrautsa hain da managaitza! Zergatik gertatzen ote da? Zoratzen hasita nago, egun guztietan berdina gertatzen zaigu. Gauetan eskobatu dudana pixka bat gehiago irauten dit, baina goizetan debalde da, ekortzen dudana "zerrauzte" (zerrautz-euri) modura jauzten zaigu gainera.

Detektibe pribatu bat kontratatu beharko dut misterio hauek argitzeko. Modu honetan jakingo nuke zergatik "zerrauztea" bakarrik beheko solairuan gertatzen den eta zergatik goiko solairua ez den inoiz zerrautzez betetzen. Detektibea kontratatu bitartean, nire azterketak egiten ari naiz. Goiko solairua oso desordenaturik utzi dut: janaria leku guztietatik, zikinkeriak lurrean, iglu-denda mugiturik etab. Horrela, probatu nahi dut noiz gertatzen den "zerrauzte" fenomenoa. Orain arte frogatu dudana da solairua garbitu dugunean badirudi joera handiagoa dagoela "zerrauztea" gertatzeko, horrela izaten jarraituko da? Ikerlaria alokatu ezean, Lucky-ri esango diot erne ibiltzeko. Adibidez, atzo ni ekortzen nengoen bitartean Lucky lo itxura zeukan baina begiak erdi-zabalik zituen zelatan egoteko.

Watson maitea, misterioa argituko dugu!

Txakur baten egunerokoa: Ez dadila mutil hori etorri

Nire arreba txikiak nerabezaroa deritzon garaia zaila horretan omen dago. Hori da gutxienez amak sarri esaten duena. Dena delakoa ez dut nerabezaro hori gustoko jada ez baitu nirekin jolasteko astirik, beti dabil lagunekin paseatzera irteten eta neu ez nau inoiz eramaten eta gainera gutxitan laztantzen nau, orain beste mutil hori laztantzea nahiago du. Ez dut mutil hori gustoko. Aita eta ni behintzat horretan ados gaude. Amaren esanetan biok jartzen dugu txakur-aurpegia ikusten dugunean. Nola ez dut jarriko txakur-aurpegia txakurra banaiz? 

Kasua da gorroto dudala mutil hori. Beti dabil nire arrebatxo maitearekin eta bere laztanak lapurtzen dizkit. Gainera aita eta niri ez gustatu arren etxean sartzen da eta zaunka egiten badiot arrebak errieta egiten dit! Askotan aita etxean dagoenean atean geratzen dira musukatzen arreba sartu aurretik eta nik ezin dut etxea babestu bitartean. 

Zergatik? Zergatik nahiago du arrebak mutil hori? Nire ilea askoz suabeagoa da. Jada ez al naiz peluxe bat bezalakoa berarentzat? Nik ere maitasun pixka bat nahi dut baina arrebak mutil horrentzat begiak besterik ez ditu. Amaren hitzetan aita eta biok jeloskor gaude.


2010/10/19

Ezkutaleku bikaina

Asteartea, 2010ko urriak 19

Gure espezieak badu abantail handi bat eta horri buruz hitz egingo dugu gaur. Elikagaiak ez ditugu gizakiok bezala berehala jaten, pixkanaka-pixkanaka baizik. Ezin dugu amak uzten digun pipak eta fruitu lehorrak berehala jan askotan gosea ez dugulako edota zuhurrak garelako. Beraz, ahora eramaten ditugu fruituak baina masaileko hutsunerantz bidaltzen ditugu. Horrela, elikagaiak nireganatzen ditut eta hauek nahi ditudanean jan ditzaket. Ez zaizue ideia ona iruditzen? Nire semeari edo semeak niri elikagaiak lapurtzen dizkiogu elkarri eta ez ditugu tripakadak sufritu behar.

Nik ez dakit nola konpontzen den ama edo beste animaliak. Nire ustez, metodorik hoberena elikagaiak gordetzeko gurea da. Horrela, janaria beti eskura dugu (edo hobeto esanda ahora ditugu, ezta?). Tira, batzuetan, adibidez Gustakovich-ren kasuan masail handiegiak zituen eta azenarioa jaten zuen bakoitzean burua izugarri handitzen zitzaion (azenario guztia pilatzen baitzuen)!


2010/10/18

Ez dut nire etxea ezagutzen

Astelehena, 2010ko urriak 18

Ba al dakizue zer gertatu zaigun gaur? Gu lotan genbilela, mugimendu bortitz batek iratzartu gaitu. Etxez aldatuko garela pentsatu dugu, baina hori arraroa izango litzateke gaur bertan espazio-denbora zulotik abiatu garelako (bidaiatu dugulako). Orduan, kaiola irekita utzi digute eta nire semea korrika hasi da ni bezala. Zer gertatzen da? Libre gaude eta kaiolatik irten gaitezke?

Ez da horrela izan. Biok plastikozko bola batean sartu behar izan gara eta hemen ibiltzen hasi gara. Bolarekin askatasuna nabaritu dugu biok nahi dugun lekura abiatu gaitezkeelako inolako oztoporik gabe. Tira, noizean behin oztopo batzuekin aurkitzen gara baina nahiko eroso ibiltzen gara. Gainera, bolaren barnean gaudenean argitasunak ez digu beldurrik ematen eta beraz, nahi dugun lekutik joan gaitezke.

Hala ere, bolan 20min egon ondoren berriro ere kaiolara joan gara. Orduan konturatu gara gure etxean gertatu den hondamendiaz. Zerrautza eta lastoa zoruaren leku guztietan dago, ez daude guk lortutako izkina garbiak edota gurpilaren behealdeko piloa. Janaria leku batean metatuta dago eta kotoia iglu-dendan dago. Ezin dugu sinetsi! Non dago guk kardatutako kotoia beheko solairuan edo gure elikagaiak leku guztietatik banatuta, non dago gure etxea?

Txakur baten egunerokoa: Ez atzera begiratu!

Amak esaten digu txikitatik ez atzera begiratzeko ibiltzen ari garenean. Ikasbide hau ikasi nuen txakurkume bat besterik ez nintzela. Garai hartan alai eta antsikabe ibiltzen nintzen saltoka kaletik, munduaren misterioekin liluratuta. 

Egun lasai horietako batean paseotik bueltatzen ari ginela nire atzean zerbaitek atentzioa deitu zidan. Eta atzera begira ari nintzela han non edonondik farola bat agertu zen eta DANBA! buruan jo ninduen. Ama, ze mina! Izartxo zuriak gertutik ikusi nituen. Egun hartan ikasi nuen aurreraka begiratzen beti ibiltzerakoan bestela oztopoak ageruko dira eta txakurrak nahasteko asmoz. 

Baina zergatik agertzen dira soilik txakurrak aurrera begiratzen ez dugunean? Gure zain ote daude guri adarra jotzeko? Munduko misterio handienetakoa da.



2010/10/17

Lucky-ren abenturak

Igandea, 2010ko urriak 17

Esaera zahar baten arabera, seme-alabek ogi bat dakarte besapean. Tira, ezin dut egoera guztietan esaldi horrekin ados egon. Lucky nerabezaroaren aldaketak sufritzen ari da eta batzuetan jasanezina da! Aurreko egunean, Lucky nire gainera igo zen ni lotan nengoen bitartean eta ia ito ninduen kotoiarekin. Oso barregarria iruditu zitzaion, baina ni asko haserretu nintzen eta zaplastada bat eman nion. Ama Sonia, orduan, gurekin haserretu zen ez zaiolako gustatzen gu haserretuta egotea, eta zarata kirrinkariak egiten hasi zen. Badakizu zenbat gorroto ditugun burrunbak!

Ez nabil beti Lucky-rekin muturtuta, batzuetan bakarrik. Beste zenbaitetan, musuka gabiltza ondo portatu delako edo etxeko lanak goiz egin dituelako. Atzo adibidez, Lucky-k oso ondo eskobatu zituen hormak eta gurpilak. Oso harro nago! Ama Sonia, ordea, ez dirudi oso pozik dagoela. Hormak ekortzen ditugun bakoitzean eskuak jartzen ditu eta ez digu jarraitzen uzten. bestetik, gurpila kanpotik erraztatu genuenean barre-algarak entzun genituen. Zergatik barrezka ari dira?

2010/10/15

Saguak eta gazta

Ostirala, 2010ko urriak 15

Kondairen arabera saguei, hau da, guri gazta gustatzen zaigu. Hori horrela bada, zergatik egunero jateko ekilore-pipitak ditugu eta ez gazta? Leku guztietan (dendan, amaren etxean) pipitak izan ditugu eta beste fruitu idorrak. Gainera, beste hamsterrek, jerboek, saguek gu bezala jaten dute eta ez dute gazta probatu ere egiten. Albaitarien esanetan ere fruitu lehorrak dira gomendagarriak guretzat.

Beraz, legenda horiek guztiz faltsuak dira. Guri, mesedez, antoju bat erostekotan eguzkilore-pipitak erosi ezazue, maite ditugu eta! Zein gozoak diren! Ez hori bakarrik, masaileko hutsunean ezin hobe sartzen dira.

Zuek uste duzue gazia den elikagai bat, gazta hain zuzen ere, begiko izango genuela? Ezta pentsatu ere! Fruitu idorrak gaziak izan arren, azukre asko dituzte...eta gu hain gara gozoak! 


Katu marmartia eta hartz maitagarriaren abenturak: Dotorea zergatik?

Katu marmartia eta hartz maitagarria bikote bitxia dira baina egunero tirabirak izan arren bata bestea maite dute.

Klikatu irudian handitzeko!


Txakur baten egunerokoa: Dutxak ez, bainuak bai!

Sekretu bat kontatuko dizuet, baina ez inori esan (bereziki ez esan txakur eme politei). Dutxa gorroto dut. Tira, baliteke hainbesterako ez izatea baina ez dut batere gustoko. Ura erortzen zait gogor gainean eta batzuetan hotza gainera! Ez dago eskubiderik! Amak ez dit ihes egiten uzten, harrapaketan jolastuko bagenu dutxatu bitartean ziur dibertigarriagoa izango litzatekeela. Baina ez, geldi, geldi egon behar naiz eta zaparrada hotza jasan.

Bestalde bainatzea maite dut, mila bider hobeagoa da! Bereziki lakuetan bainua hartzea. Probatu al duzue inoiz? Mundukorik gauza erlaxagarriena da laku batean igeri egitea, kirola egin ondoren bereziki. Eta gainera makil batekin jolasterik badago... paradisua! Berdin dio uda edo negua izan, utziko banindute beti salto egingo nuke lakuetara. Behin sartu nintzen ere jolastera errekatxo batean baina ura beharrean lokatzez beteta zegoen. Beraz marroi kolorekoa atera nintzen eta gainera igel batekin buruan! (Ze uzte zuen igelak orrazia zela?). 

Baina bainu edo dutxa ostean, berdin dio, ez dago libratzerik, orrazteko unea dator! Ama, zenbat min! Iletik tira eta tira ileko korapiloak desegiteko. Eta rastak eraman nahi baditut zer?! Amak ez dit uzten. Ez dago eskubiderik!


2010/10/14

Txakur baten egunerokoa: Zergatik ez ditugu postariak gustoko



Mundu osoan zehar bada kondaira oso famatu bat zeinek dioen txakurrok ez ditugula postariak gustoko. Jakina denez kondaira guztien atzean benetako egoera bat dago eta beraz, gaur esklusiban misterio hau argituko dizuet.

Hasiera-hasieratik, txakurra gizakiaren lagunik minena denetik (orain dela hainbeste denbora inork ez dituela gogoan ez lehenengo txakurra, ez lehenengo gizona), garai haietatik txakurron betebeharra izan da gure eta gure lagun minen etxea babestea. Norbait gerturatzen denean zaunka egiten dugu eta zaunka egitean ezezagunak aldentzen dira. Hau da munduaren oreka naturala. Baina egun batean postariak agertu ziren. Gizakiz mozorrotutako deabru hauek munduaren oreka naturala apurtun nahi dute, gure etxeetara hurbiltzen dira gu zaunka egin arren eta gutxi balitz paperak uzten dituzte gure baimenarik gabe!

Inork ez daki zergatik existitzen dira postari-deabruak baina teoria asko daude. Batzuen ustez txakur alfer baten ondorioz txakur guztiok pairatu behar dugun zigorra da. Besteen ustez jainko-txakurrak bidalitako azterketa da, txakurrok ez dezagun gure zeregina inoiz ahaztu. Dena delakoa gure lana berdina da: postariak uxatu eta kondaira dioenez postaria uxatzen duen txakurrari paradisua espero dio.





Gustakovich laztantzen

Oraintxe bertan utziko dugun bideoan ikusiko duzuenez, hamster errusiarrak gu baino askoz ere losintxariagoak dira. Horregatik, amamaren eskuetan lasai-lasai egon daitezke. Jakingo balu Gustakovich-ek amamaren asmoa ilea nahastea dela, ez dugu uste amamaren eskuetan hain lasai ibiliko litzatekeenik. Gu behintzat ez ginateke bere lekuan egongo, itxura horrekin ezin baitugu neskatan egin!
Lucky eta Vito

2010/10/13

Lucky nerabezaroan

Asteazkena, 2010ko urriak 13

Aitak ez dit askatasuna ematen, kokoteraino nauka! Egun hauetan aita jasanezina iruditzen zait, zer gertatzen zaio? Atzo neuretzako logela eskatu nion. Orain arte logela biona da baina asko gustatuko litzaidake nire espazioa izatea hain abailduta ez egoteko. Nire lekua behar dut, nire bakardadea, nire pentsamenduak eta ez elkarrekin 24h egotea.

Aitak, berriz, ez dit ulertzen. Behin eta berriro esaten dit nerabezaroak aldatu nauela baina nik ez dut horrela pentsatzen. Nire nortasuna berdina da eta aitarekin atsegina izaten jarraitzen dut edo saiatzen naiz behintzat. Alabaina, hark ez dit laguntzen ezta pixkat ere. Egunero nire atzetik dabil etxeko lanak egiteko esanez eta horrek izugarri sutzen nau!

Saiatuko naiz, nire aitarekin onezkoak egiten baina espero dut nire logela laster izatea! Ez dut amore emango eta!

Lucky



2010/10/12

Marraskariak zergatik?

Asteartea, 2010ko urriak 12

Badakit hamsterrak definizioz marraskariak garela, baina zergatik? Historikoki gure espezieak karraskatu du jan duen elikagai guztiak. Ez nago ados definizio honekin, ordea. Nire semearen eta nire ustez, marraskatzea murtxikatzeko modu bat da, besterik ez. Beraz, zergatik ez ditugu izaki guztiak marraskari taldearen barruan sartzen?

Gainera, Lucky eta biok ez ginateke talde honetan sailkatu behar. Izan ere, elikagaiak jateko eta irentsi ahal izateko karraskatzen ditugu baina ez beste edozein egoeratan. Adibidez, ezagutu berri duzuen Carbi jerboari kartoia marraskatzea gustatzen zaio. Kasu honetan, beraz, marraskaria deitu diezaiokegu, baina guri ez. Eta karraskari deitzen bagaituzue, behintzat ez ezazue desairez esan, oso gaitasun baliagarria baita. Carbiri esaiozue bestela, hura arropa karraskatzeko gai da, edota kaiolaren atea!

2010/10/11

Hamsterrak ehiztatzen

Astelehena, 2010ko urriak 11

Badakizue nola sentitzen garen ehizatuak garenean? Bai, bai, ehizatuak! Zenbait egunetan, kaiolako atea irekitzean, irtetzeko gai izan gara Vito eta ni. Zelako poza aire freskoa arnastea! Inolako oztoporik gabe libreki ibili gara kaiolatik at. Zelako mundua dagoen etxetik kanpo! Usain gaziak, gozoak garratzak; zapore kimikoak, metalekoak, egurrekoak etab. Baina ez da batere erraza izkin ilunak topatzea! Hain da argitsua kanpoko mundua!

Beraz, etxetik ihes egin dugun kasuetan argitik alde egin dugu leku lasaiak eta ilunak topatzeko. Alabaina, ez da erraza toki hauek topatzea dena oztopoz beteta dagoelako. Oztopo handi-handiak! Gainera, mamu erraldoi baten itzala ikusten dugu irteten garen bakoitzean. Erotuta al gaude? Dakidan gauza bakarra da mamua ikusi eta gero bat-batean iluntasuna nabaritzen dudala eta kaiolan berriro nago! Nola da posible?


Gu bezalako koitadu bat harrapatuta dagoenean

Marou

Marou ez da familiakoa, bizilaguna baizik. Baina hainbeste denbora pasatzen du nire lorategian ( niri baimenik eskatu gabe) familiako kidea dirudiela. Marou frantsesa da eta beraz, ez nago ziur bere izena ondo idatzi dudanik. Magó ahoskatzen da behintzat, hori ziur. Katu eme honen belarriak motzak diren arrazoia ezezaguna da,baina esan dezaket asko gustatzen zaiola ehiza egitea eta nahiz eta nahiko lotsatia izan, behin ezagutzen zaituenean oso eztitsua da eta ferekak maite ditu. Gizakiekin behintzat honelakoa da. Ni txakurra naizenez eta katuekin erlazio konplikatua dudanez ahalik eta urrunen mantentzen naiz. Marou ere ez da gehiegi niregana gerturatzen.


Jai



Txakur baten egunerokoa: Txapinak

Daztatu al dituzue inoiz txapinak? Mundukorik gauza hoberena da! Beste zapatilek ez dute zer egiterik txapinen ondoan. Txapinak leunak dira eta gazta zahar zaporea dute eta gainera oso dibertigarriak dira. Pena da gutxitan uzten didatela haiekin jolasten. Baina noizean behin amak terrazan ahazten ditu. Orduan nik hortzekin leunki hartzen ditut eta belarrean etzaten naiz (belarra ohe oso fresko eta eroso da, udan bereziki). Txapinak ondo daztatzeko teknika berezia dut: lehenengo hanken artean heldu behar dira eta hozkada txikiak eman zaporea iraun dezan ahalik eta gehien.

Nire txapin gustukoenak arreba nagusiarenak dira. Bildots forma dute eta oso leunak dira, mingainean kilimak sortzen dituzte. Arreba sukaldean bakarrik dagoenean mahai azpian izkutatzen naiz eta astiro hozkatzen ditut. Arrebaren oinak oso sentikorrak direnez segituan hasten da kilimekin barrezka.

Txapinik dibertigarrieak, berriz, anaiarenak dira. 10 urteko umea besterik ez da eta zapatilak lapurtzen dizkiodanean segituan haserretzen da eta nire atzetik korrika etortzen da garrasika. Primeran pasatzen dugu lorategian korrika, ohiuka (tira, ni zaunkaka) eta azkenik harrapatzen nauenean barrezka.

Baina aitak ez du ulertzen dibertsio hau eta gorroto du nik bere txapinak hartzea. Aita haserretzen denean oso beldugarria denez hobe da bere zapatilak bakean uztea. Zein xuhurra aita! Bere txapin erraldoiak konpartitu nahi ez izatea ere!


2010/10/10

Gustakovich atleta olinpikoa

Gustakovich gogor entrenatzen ari da joku olinpikoetan urrezko domina lortzeko 3 metro alfonbra sailean. 

Txakur baten egunerokoa: Katuak eta ni.

Katuek ez naute maite. Bai, bai, ondo irakurri duzue, katuek ez naute maite. Nola da posible ni horren txakur maitagarria izanik? Ezta ideiarik ere.

Badakit gehinek txakur-katu erlazioen ideia irmoa duzuela. Txakurrak omen dira katuak gorroto dutenak. Txakurrak dira katuak erasotzen dituztenak eta pazientziaz zuhaitz azpian itxoiten dutenak katua jaitsi arte. Ba hori ez da egia, ez nire kasuan behintzat. Nik katuekin jolastu nahi dut, baina haiek nirekin ez. Zergatik? Txakurra naizelako? Handiegia naizelako? Iletsua naizelako? Hagin zorrotzak ditudalako?

Katuekin nire erlazioa txakurkume bat besterik ez nintzenean hasi zen. Paseoan nenbilela hara non ikusi nuen katu bat lehenengo aldiz. Horixka eta iletsua zen (ni bezala) eta dibertigarria zirudien. Baina berarekin jolasteko asmoz gerturatu nintzenean... Rash!! Zelako X marraztu zidan sudurrean bere atzapar zorrotzekin! Auuu! Mingarria benetan. Eta barkamena eskatu barik buelta eman eta alde egin zuen! Katuak bai adesgabeak! Ez ezazue probatu inoiz katu baten marrazkilari teknikak zuen azalean, bereziki sudur puntan. Hori bai, tatuajeak egiten primerakoak dira.

Baina ni horren txakur adiskidetsua naizenez eta denek esaten dutenez ezin dela katu guztiak  epaitu baten ekintzengatik (edo antzeko zerbait), ez dut amore eman. Gaur bertan saiatu naiz katu bizilaguna agurtzen eta badakizue nola erantzun didan? Grrrrr egiten eta bizkarreko ilea tentetuz. Ama! Zein ikuskizen beldurgarria! Buelta eman eta beste bide bat hartu dut.

Ni saiatu naiz baina katuek ez naute maite. Ez dut beraiekin inoiz jolastuko! Joan daitezela guztiak antzarrak ferratzera!

Eta honela hasten da txakurren katuekiko gorrotoa eta erlazio txarra. (Ikusi duzuenez ez da gure errua).


Bruni

Bruni 9 hilabeteko txakurkumea da eta nahiko bihurria da. Bere amari eta bere familiako kideei galtzerdiak lapurtzen dizkio eta ezkutaketan jolasten du beraiekin. Asko gustatzen zaio paseatzea eta Jai bezala, bera da gizakiak paseatzera eramaten dituena.

Vito eta niri beldur pixkat ematen digu bera kaiola baino handiagoa delako. Gainera, muturra burdinezko barretan jartzen du eta xurgatu nahi gaitu! Izugarrizko arnasgorak eta arnasbeherak egiten ditu gu xurgatzeko edo gure esentzia lapurtzeko. Ez hori bakarrik, askotan soinu arraroak igortzen ditu eta hori gertatu ondoren muturra kaiolan bertan sartzen du.



Bruni txiki-txikia zenean


Bruniri zintarriak gustatzen zaizkio


Bruni bere osotasunean


Beti bezala lorategi osoa menperatu behar du

2010/10/09

Zelako lurrikara!

Larunbata, 2010ko urriak 9

Badakizue zer den lurrikara bat? Lurzoruaren mugimendu bortitzak Lurraren barneko indarrek sortu dutelako. Hamsterren munduan, lurzoruak kaiolaren mugimendu bortitzak eta jarraiak dira eta ez dute zertan Lurreko lurrikararekin bat etorri. Askotan guk lurrikara nabaritzen dugu eta amak ez.

Noiz gertatzen zaigu egoera hau? Etxez aldatzen dugunean. Kaiola bat-batean bere lekutik mugitzen da gu barruan gaudelarik eta flotatzen hasten gara. Bai, bai, ondo irakurri duzue, flotatzen dugu! Nola? Poltsa batean sartzen du kaiola amak eta flotatze sentsazioa nabaritzen dugu orduan. Minutu batzuk pasa ondoren beste leku irmo batera heltzen gara. Hementxe lurrikarak nabaritzen hasten gara: iglu-denda mugitzen da, burdin barrak ere alde batera eta bestera mugitzen dira, aldapa ezegonkor bihurtzen da etab. Beraz, gu logelan geldi-geldirik geratzen gara lurrikara pasa arte.

Lurrikara pasatzen denean, berriro flotatze sentipena nabaritzen dugu eta orduan magia balitz bezala beste leku berri batean aurkitzen gara! Zuek ba al dakizue espazio-denbora zuloak existitzen al diren? Lucky-k eta biok hori pentsatzen dugu, bestela nola izan daiteke posible etxez aldatzea? Lurrikara zuloa omen da eta flotatze sentsazio hori nabaritzen dugu espazio-denbora atea zeharkatzen dugunean. Ez al da horrela?


Carbi: Kartoiaren kontrako guda!



Carbi jerboak oso gustuko du filmetan agertzea, telebista-izarra izatea da bere amets sekretua. (Bai, bai, kontatu dit). Hona hemen Carbiren kirol gogokoenaren unea: kartoia marraskatzea! (Niri galdetzen badidazue kartoia nahiko gatzagabea dela uste dut. Baina tira, berak gustuko badu. Hortz sendoak izango ditu).

Jai

Carbi

Carbi gurekin bizi den Jerboa da. Jerbo bat hamster baten antza du, baina buztan luze iletsuarekin eta atzeko handa indartsuekin kanguro moduan salto egiteko. Guztiz beltza da, bularrean duen marratxo zuri luzea izan ezik. Bere jakirik gogokoena pipak dira eta gehien gustatzen zaion kirola marraskatzea ( arropa, plastikoa, egurra edota kartoia izan berdin dio, ez daude beren hortzetatik salbu!).

Egia esateko batzuetan jeloskor jartzen naiz, horren gauza txiki eta aspergarria besoetan hartu eta laztantzen dutenean. Ni askoz ere dibertigarriagoa naiz! Neu laztandu, neu! Txakur handi hau jolasteko prest dago beti! Tira, egia esan Carbi nahiko pottoloa da batzuetan.


Jai

Zer ote dago hor behean?
Umm, bai sagar gozoa!
Neguan kotoi ohean gozo-gozo.
Orain da kaiolatik ihes egiteko unea!

Carla

-Egun on jaun-andreak, Carla akuria aurkeztuko dizuegu-esaten du Lucky-k.

-Carla gaztea izan arren, gu baino askoz handiagoa da-dio Vitok.

-Eta gu baino askoz ere kuxkuxeroagoa da! Beti dago esamesak entzun nahian-barre egiten du Lucky-k

-Gainera, beti eske eta eske ari da bere txistu arraroekin-barre egiten du Vitok.







2010/10/08

Ohe maitea

Ostirala, 2010ko urriak 8

Kaixo irakurleok! Gaur gure bizitzeko moduaren berri emango dizuegu, zehazki azalduko dizuegu gure logela. Aurreko egunetan komentatu dugun bezala, goiko solairuan iglu-denda daukagu eta amak bertan algodoi zatiak jartzen ditu igluaren sarrera oztopatuz. Ez dugu ulertzen oso ondo zergatik jartzen duen algodoia leku horretan sarrera oztopatuz, beharbada, ez zaio gustatzen gu goiko solairuan egotea. Horrela bada, zergatik ote dugu eskailerak hara igotzeko? Ideiarik ez.

Hasierako egunetan, kaiola goitik behera amak aldatu duenean, iglu-dendan lo egiten dugu ama zirikatzeko. Bidezkoa iruditzen zaigu hau egitea. Izan ere, hark gure etxebizitza osoa desmuntatu du: zerrautzezko tapizak, tunelaren lekua, janaria...Ondorioz, guk goian lo egiten dugu, berak taponatu duen lekuan. Hurrengo egunetan, zerrautza ekortu ondoren eta etxebizitza antolatu dugunean, algodoi zatiak behera eramaten ditugu non algodoizko hodeiak osatzen ditugun. Hodei hauetan egiten dugu lo eta igarobideak antolatzen ditugu haien artean.

-Ama, bion partetik esan behar dizugu izugarrizko lana ematen diguzula astero. Zergatik ez diguzu logela egoera onean jartzen? Jakina da logela beheko solairuan dagoela, ez zara konturatzen ala?-diogu Vito eta Lucky-k.


2010/10/07

Tomate baten istorioa

Osteguna, 2010ko urriak 7

Badakizue zer gertatu zaigun gaur? Gu lotan geunden bitartean, esku erraldoia atetik sartu eta masa handi gorri bat utzi digu goiko solairuan. Biok korrika joan gara objektu arraro hori ikertzera. Detektibeak bagina bezala, nik gai gorria usaindu dut eta Lucky-k dastatu du. Horrela jakin dugu usain gozoa duela eta ez dela pozoingarria. Beraz, biok pixkanaka-pixkanaka mokadu txikiak eman dizkiogu eta azkenean erabaki dugu elikagai bat dela eta ez dagoela batere gaizki. Ama bere begi handiekin eta kuxkuxeroekin gu nola jaten dugun aztertu du eta ondoren tomate hitza aipatu dut. Nik ez dakit zer den tomatea, suposatzen dut objektu handi eta gorri hori tomate duela izena. Bai tomate gozoa, beraz!

Bestetik, esan beharra daukat nire semeaz kokoteraino nagoela! Ez dit uzten lo egiten! Lo egiten nagoela, Lucky nire alboan jartzen da, nire gorputzarekin kontaktuan eta dutxatzen hasten da. Ondorioz, buruarekin egiten dituen mugimenduekin ni iratzartzen nau. Gainera, askotan ni buztitzen nau edo hankarekin ni ukitzen nau. Ez dakit zergatik ez doan goiko pisura dutxatzera! Goiko pisura gaur bainugela eta apaingela aldatu dugu. Orain, logela beheko pisuan dugu kotoizko koltxoiarekin. Horrela, gurpila hurbilago daukagu ariketa altxatu ondoren egiteko. Gelen aldaketa hau egin dut Lucky-k gela oso bat izan dezan dutxatzeko eta apaintzeko, baina dirudienez nahiago du ni nagoen lekuan dutxatzea eta horrela ni zipriztindu!


Txakur baten egunerokoa: Goizean goiz

Neguan izan ezik beste urtarotan lorategian lo egiten dut, sukalde ondoko nire txakur-etxetxoan. Egunero-egunero sukaldeko pertsianaren soinua igotzean esnatzen nau goizean goiz. Egiten dudan lehenengo gauza lehio alboan etzan eta aharrausi erraldoia da, gero eta zaratatsuago hobe (honela denek dakite esna nagoela). Amak irribarre batekin agurtzen nau nire izena deituz eta erantzun moduan buztana astintzen dut. Ondoren ama, aita eta alaba nagusia elkarrekin gosaltzen dute. Goizeko nire programa gustukoena da. Leihotik begiratzen dut, beraiek telebista kutxa-tuntuna begiratzen duten moduan. Ama beti dago energiaz beteta goizetan, alaba berriz, beti erdilo. Zombi izenaz ezagutzen dute goizetan, baina berari ez zaio izen hori batere gustatzen. Egia esan, ez dakit zer den zombi bat. Ezta ideiarik ere. Ez da txakur bat behintzat, hori ziur!

Gosaldu ostean ama seme eta alaba txikien logeletara joan ohi da, hauek esnatzeko. Eta aitak hortzak garbitu bitartean, alaba-zombiak galleta bat ematen dit izkutuan. Aitari ez zaio gustatzen ni gozorik jatea, baina arreba-zombi eta biok goxokiak maite ditugu eta bera ulertzen nau. Egunero galleta bat gosaltzen dut. Tira, arrebaren hitzetan murtxikatu gabe irensten dut. Baina hain da txikia nire aho handiarentzat!

Aitak zapatak janzten dituenean da nire goizeko paseoaren ordua iritsi den seinalea. Poz-pozik altxatzen naiz buztana ahalik eta indartsuen astintzen. Paseoa da goizeko momenturik hoberena, galleta baino hobea! Gainera ni bezalako txakur txukun eta garbiak komunera joan beharra du ere. (Badakit sineztezina dela. Hain guapoa eta komunera joan behar? Askotan galdetzen didate, baina ez, ez naiz txakur-banpiroa. Gaur egun modan omen daude. Baina nork nahiko luke odola egunero bazkaltzeko? Eta gordinik gainera! Banpiro hauek ez dute gusturik. Askoz hobeak dira barbakoan aitak egiten dituen txuleta potoloak, nahiz eta niri soberakinak besterik ez eman. Ummm, gosaltzeko txuleta galleta baino hobea litzateke ere!). Txakur batek bere beharak ditu ere.

Goizeko haize freskoa oso gustuko dut aurpegian, ilea orrazten dit eta pelikuletako txakur adoretsu baten itxura dut. Gainera parkea hutsik egon ohi da, lorategi osoa niretzat bakarrik jolasteko! Arratsaldetan beste txakurrekin partekatu behar dut eta ezin dut horrenbeste korri egin eta jolastu (Txakurtxo politen aurrean ondo portatu behar dut).

Pena da aita goizean beti presaka dabilela eta ezin dut gustatuko litzaidakeen bezain paseo luzea eman. Laster etxera itzultzen gara, aita lanera doa eta arreba nagusia eskolara. Seme eta alaba gazteak gosaltzen duten bitartean leihoaren alboan etzan eta begiratzen ditur. Ondoren amarekin joaten dira eta ni etxean bakarrik geratzen naiz eta nire txakur-lan eguna hasten da. Etxea ahalik eta hoberen zaindu behar dut! Guau!


2010/10/06

Suhiltzaile onenak gu gara!

Asteazkena, 2010ko urriak 6

Gaur Vito eta biok larrialdietako plana martxan jarri dugu. Arratsaldeko lauretan bat-batean munstro erraldoi bat sartu da kaiolaren atetik eta biok ahalik eta lasterren gure etxetik atera gara kaiolaren eta gure segurtasuna ziurtatzeko. Beheko solairuko ertz guztiak miatu behar izan ditugu izaki handi horrek kalterik sortu dituen ala ez ikusteko. Jakina da gure munduan ez daudela munstrorik, baina bai esku erraldoiak. Esku hauek olagarro bat balitz bezala, gu hartu nahi gaituzte. Eta gero? Zer gertatzen da eskua hartzen zaituenean? Mitoek esaten dute eskuan egon ondoren ez zarela berriro kaiolara itzultzen. Beste kontakizunen arabera, berriz, eskuaren asmoa gu laztantzea da (eta badakizue dutxatu ondoren ez dela atsegina).

Vito eta ni ez gara ausartzen badaezpada, suhiltzaile bagina bezala barroteetatik jaitsi gara malda alde batera utziz. Trebetasun handia garatu dugu belaunaldiz belaunaldi barroteetatik irristatzeko. Nahiko dibertigarria da, baina une horretan garrantzitsuena ez da ondo pasatzea, larrialdi baterako prestatzea da. Beraz, beheko solairuan dugun kartoizko tunel batean gorde gara eskuaren lurrikara pasa ondoren. Ondoren, dena bere onera itzultzeko ekorketa berezia egin behar izan dugu. Zerrauts guztia izkinetara bota dugu eskua berriro etor ez dezan, baina uste dut amari ez zaiola asko gustatu gure idea. Ez dakit zergatik baina gero elurretan hasi da. Beno, gure hizkeran ez diogu elurtea deitzen, "zerrauztea" baizik. Nik uste dut ama sorgina dela eta ez zaionez gustatu nola ekortu dugun gaur, eguraldia aldatu du. Dena dela, "zerrauzte" hau (zerrautsa zerutik jaustea) ez du denbora asko iraun.

2010/10/05

Gustakovich

Hemen dugu Gustakovich, orain dela hiru hilabete hil zen eta horregatik Vito eta Lucky-ren partez emango diogu omenaldi hau hain kaiola polita guri uzteagatik. Badirudi amak Gustakovich izan ondoren hamsterrak asko gustatu zitzaizkiola eta ondorioz, gu izan gintuen.


-Mila esker Gustakovich hain hamster jatorra izateagatik eta hain kaiola handia amari eskatzeagatik! Zuri esker orain primeran bizi gara-dio Vitok.


-Badakit bizi zinenean ez zenuela gurpila asko erabiltzen gu baino alferragoa zinelako (hamster errusiarrak oso alferrontziak dira), baina guri asko gustatzen zaigu-dio Luckyk.


-Ez duzu hilda dagoen pertsona bat kritikatu behar-jakinarazten dio Vito Lucky-ri.


-Tira, aitatxo, ez dut berriro egingo-erantzuten dio Luckyk.




Hamster berriak familian

Asteartea, 2010ko urriak 5
Kaixo, nire izena Vito da. Eta nire izena Lucky. Gu biok gara Soniaren etxean bizi garen hamster roborowskiak eta hemendik aurrera egunkari bat idatziko dugu bion artean. Beno, ni saiatuko naiz Lucky-ren pentsamenduak azaltzen ze berak ez daki idazten nire semetxoa baita (dio Vitok).
Orain dela hilabete bat gaudela Soniaren etxean. Kaiola handi batean bizi gara, ez dendakoa bezalakoa. Dendan kaiola berean 3 hamster geunden eta batzutan 4-5 ere! Orain gu biok bakarrik gaude bi pisuko kaiola honetan. Goiko pisuan iglu-denda dugu, hemen lo egiten dugu noizean behin, beste egunetan garbileku bezala erabiltzen dugu. Beheko solairura jaisteko aldapa dugu eta solairu honetan gurpila daukagu ariketa fisikoa egiteko. Kontuan hartu behar duzue ariketa fisikoa oso garrantzitsua dela gero neskatan egiteko (ez dizuet kontatu baina Lucky eta biok mutilak gara).
Gure bizilekua azaldu eta gero, esan behar dizuet gaur oso egun estresagarria izan dudala (Vito) eta horregatik barka nazazue baina lo egin behar dut pixkat. Behintzat saiatuko naiz nire semeak uzten badit. Zelako parrandak jasan behar ditut Lucky-ren partetik! Beti dago ni zirikatzen! Izan ere, nahiko leuna omen naiz Lucky buruko bezala erabiltzen nauelako eta Sonia egunero saiatzen delako ni laztantzen. Ni, berriz, nahiko iheskorra naiz baina nire azalpena daukat: dutxatu ondoren nire ilea ahalik eta hoberen mantendu nahi dut! (badakizue oso txukuna naizela eta garbitasuna ezinbesteko irizpidea dela neska bat lortzeko). Horregatik ikusiko gaituzue argazki gutxitan, hala ere, noiz edo noiz agertuko gara.

Txakur baten egunerokoa: Hau bai txakur bizitza!

Zeinek dio txakurraren bizitza erreza denik? Baita zera ere! Nik behintzat 24 orduko lan nekagarria dut eta gutxi balitz orain interneten ere agertu behar naiz! Familia bat eta etxe bat zaintzea nahikoa ez balitz bezela, orain munduko txakur-izarra izan behar dut. Tira, nire argazki erakargarriak jartzen badituzte behintzat baliteke txakurtxo politen bat nitaz maitemintzea. Parkeko neskak hain dira itxiak! Behintzat gizaki emeen artean arrakasta handia dut. Ufff...

Beno, zertan ari nintzen? A, bai, txakur-bizitza ez da dirudien bezain erraza.

Egunero goizean goiz aita eraman behar dut paseoan. Bai, ondo irakurri duzue. Ez nau ni eramaten paseatzera, nik bera baizik. Bestela a zein bizitza aspergarria edukiko luke egunero esnatu bezain pronto lanera joan beharko balu. Niri esker goizeko paseotxoa egin ondoren askoz alaiago joaten da lanera. Ez badakizue nire izena Jai da eta izenak esaten duen moduan txakur alaia naiz eta nire familia alai egote da nire eginkizunik nagusiena.

Goizeko paseoa aitarentzat da. Eguerdian berriz, umeekint joaten naiz. Gaur egungo gazte hauek bestela etxean pasatuko lukete egun osoa irudi-kutxa tuntunari begira (Nik lehiotik begiratzea nahiago dut, askoz ere intergarriagoa). Eta gauean amaren txanda da. Lanetik nekatuta etorri ostean hoberena aire freskoa hartzea baita eta buruko mina freskatzea. (Amak hori esaten du behintzat). Batzuetan arratsaldean ere paseo luzea ematen dugu. Oso gustukoa dut, bereziki familia osoa elkarrekin goazenean.

Eta zer egiten du txakur honek eguneko beste ordu guztietan? Etxea zaindu noski. Txakur baten lana da ezezagunak uxatzea eta norbait hurbiltzen bada etxekoei abisatzea.

-Txakur honekin ez dugu tinbrearen beharrik-esaten du amak sarri- Norbait gerturatzen bada zaunka egiten du eta!

Pozik jartzen naiz hitz horiek entzuten ditudan bakoitzean eta isatsa mugitzen dut indartsu.

Txakurraren azken lana gure lana erraza dela pentsaraztea da. Hau dela eta, sarri lo nagoela dirudi, baina ez da egia! Bene-benetan guztiz erne nago. (Tira, ia beti).Honegatik entzungo duzue honelakoak:

-Jaik eguna lotan pasatze du!

-Bai lasaia txakur bizitza!

-Tira, tira, gaixoak ez du ezer besterik egiteko. Hainbeste ordu libre banitu ziurreik nik ere lo egingo nuke.

Txakur baten zeregina da lo plantan jarraitzea ezer entzun ez balu bezala.