Kaixo! Claudio oilarra, Txingurri, Silvester eta Tazmania gara eta gure bizitzari buruz hitz egingo dizuegu. Guztiok arrainontzi handi batean bizi gara baina ez dugu gure bizitza osoan hemen igaro. Hasieran, dendako arrainontzietan bizi ginen, batzuk Galdakaon eta beste batzuk Bilbon. Gainera, espezie ezberdinetakoak gara, beraz, lehengusutzat baino ezin gara hartu.
Nahiko ondo bizi gara. Egunero esku batek jaten ematen digu, baina ez ordu berean ezta esku bera ere. Jende asko egon omen da gurekin bizitzen eta horregatik janari kantitatea ezberdina da. Guri gustatzen zaigu esku handi eta potolo batek ematen digun janaria, beti kopuru handitan izaten da eta inor ez gara gose gelditzen. Beste eskuek berriz janaria uretara bota eta segiduan joaten dira. Beraz, arreta handiz ibili behar dugu janaria eskuratu ahal izateko. Azkarra ez bazara, jan gabe geldituko zara.
Eta bizitza gehiago konplikatzeko, orain bi arrain berri ditugu familian. Bat Bosko du izena eta oso mantsoa da, beraz, ez digu arazorik sortzen. Bestea, aldiz, erraldoia da, gu baino bi aldiz gutxienez eta Estu izena du. Izutzen gaitu baina inoiz ez digu ezer egin. Egun osoa igarotzen du arrainontziaren hormak begiratzen. Gure hipotesia da oraindik ez dela ohitu eta bere etxera itzuli nahi duela. Horregatik, nostalgiaz begiratzen du arrainontzia edota irteera bat bilatzen ari da, nork daki!
No hay comentarios:
Publicar un comentario