Gaur goizean kaiolako atea irekita aurkitu dut eta betiko moduan mundua ikustera atera naiz. Atearen bestalde ohea zegoen, ohea ezaguna dudanez beldurrik gabe ibiltzen naiz alde batetik bestera kuxkuseatzen. Lehenengo esan behar dizuet amaren ohea ez dela nirea bezalakoa. Beti konpontzen saiatzen naiz izarak karraskatuz goxoagoa izateko, nire kotoizko ohea bezala. Baina amak ez du batere gustuko eta beti debekatzen dit izarak karraskatzea. Ez al du ulertzen bere onerako egiten dudala?
Gaur beraz, amari mesederik ez egitea erabaki dut eta ohea ikertzea. Ohea mundu zirragarria da, beti ezberdina da eta. Batzuetan handia eta hutsa. Besteetan mota guztietako gauzak topa daitezke: liburuak, apunteak, arropa, peluxeak, ordenagailu eramangarria eta baita ama ere! Nire ikertzeko teknika sekretua dastamena da. Dena ahora eramaten dut, amaren hitzetan ume txikiak bezala. Apunteak karraskatzen saiatu naiz baina ama haserretu egin da berriz ere. Nik bere onerako egin dut, noski. Apunterik gabe ez du ikasten egon beharko, ezta? Amak ez nau batere ulertzen. (Tira, egia da papera marraskatzea maite dudala, kartoi hobea bada ere. Baina arrazoi nagusia ama izan da. Ulertuta?)
Boligrafoa dastatu dut ere, baina ukitzen nuen bakoitzean ihes egiten zuen bueltaka kuadernoan behera. Ez da oso adiskidetsua boligrafo hori. Dibertigarria da ordenagailu eramangarri gainean ibiltzea txirrista baten moduan irrist egiten duzulako! Azkenik Winni Pooh-rekin jolastu nahi izan dut. Asko gustatzen zait sakeleko telefonotik zintzilik dagoen Winni panpintxo hori, karraskatzeko ezinhobea da. Baina berriz ere amari ez dio graziarik egin. Ez dago eskubiderik! Ezin al dut ere karraskatu ala?
Behin oheko gauza guztiak aztertuta, ohetik bestalde zer dagoen ikertu behar da. Eta hara! Ohe alboan ezti usaineko kutxa misteriotsu bat zegoen. Hurbildu naiz eta sudurra sartu hobeto usaintzeko eta bat-batean ZAPLAST! Irrist egin dut eta kutxa barnera erori. Eskerrak jerbo entrenatua naizela. Azken unean eskutxoekin kaxaren bazterrera heldu naiz amildegira erori aurretik eta pelikuletalo "Triple salto mortal" horietako batekin igo egin naiz berriz ere ohera. Akzio-filmetan agertzeko prest nago jada! Salto ezin hobea izan da eta.
Ondoren abentura nahiko izan direla egun baterako erabaki dut eta kaiolara bueltatu bazkaltzera. (Hainbeste kirolaren ostean gose izaten naiz eta; eta jan ondoren siesta bota behar da jakina). Ama oso harro dago nire filmeko saltoaz eta kontatu dit kutxa hori zereal-kaxa hutsa zela. Beharbada beteta egon balitz ez legoke amildegira erortzeko arriskurik. Ah, zein usain goxoa zuen!
Carbi.
Zu bai baldarra! Gu askoz zentzudunak gara eta inon sartu aurretik distantziak neurtzen ditugu.
ResponderEliminarEta guk ere apunteak karraskatuko genituzke baina uste dugu toxikoak direla. Letra gehiegi dute eta hori ez da ona, ezta?
Vito eta Lucky