2010/11/04

Txakur baten egunerokoa: Berria etxean

Etxera lehenengo aldiz etorri nintzenean txakur kume beldurtia besterik ez nintzen. Nire hirugarren etxea zen eta hirugarren familia hilabete gutxitan eta ez nengoen etxe berrietan bizitzera batere moldatua. Egun hartan aita eta arreba nagusia etorri ziren ni paseoan nengoela nire bigarren familiarekin. Familiak ezazagun haiei banatu ninduten eta auto batean sartu. Ama! Zelako izua! Bahiketa al zen hura?! Poliziari deitu! Oihuka eta negarrez pasa nuen bide osoa.

Gau hartan ezin izan nuen lo hartu, bakar-bakarrik etxe ezezagun hartan eta ama nire ondoan gelditu zen lokartu nintzen arte. Orduan pentsatu nuen lehenengo aldiz behar bada hura ez zela bahiketa, edo bahitzaileak nahiko jatorrak zirela. Paseatzera eramaten ninduten egunero hiru aldiz gutxienez, laztanak oparitzen zizkidaten eta nirekin jolastu ere!

Hala ere, erabaki nuen arreta bereziarekin ibiltzea. Jartzen zidaten ur-plateratik ez nuen edaten, pozoiturik egon zitekeen eta. Hobe euri-ura edatea oraingoz ziur egon arte. Eta nire egurrezko-etxetxoan ezta sartu ere, noski! Zer demontre zen hori? Inoiz ez nuen ikusi antzeko kubazulorik. Eta uste zuten bertan lo egingo nuela? Baita zera ere! Txikia eta iluna zen!

Tira, tira, nahiko txakur kume beldurtia nintzen. Gaur egun badakit ura ez dagoela pozoitua eta arrebaren saiakera askoren ondoren (galletak sartzen zizkidan etxetxoan sartuko nintzelakoan) nire txabolan sartzen naiz lo egitera noizean behin. Eta autoan ibiltzea maite dut! Magia bezalakoa da, barruan sartu eta beste leku batean agertzen zara. Bai, bai eta leku horretan gauza interesgarri asko egon ohi dira: mendiak, basoak, jolasteko eta korri egiteko lekuak!

Pozik bizi naiz beraz nire behin betiko familiarekin, jada ez dut etxez aldatu beharrik eta denok maite naute. Amak esaten dut erraz jartzen naizela jeloskor beste txakurrak etxera sartzea ez dudalako gustuko. Baina nire familia nirea da eta ez dit inork kenduko eta kito!

1 comentario:

  1. Koitadua! Badakit ez dela izan erraza hiru etxe ezberdinetan egotea, baina orain eskerrak oso ondo zaude, ezta? Horretaz ezin zara kexatu! Laztanak nahi beste dituzu!

    Bruni

    ResponderEliminar