Zelako eguna izan dut gaur! (Luckyk dio). Gaur goizean beti bezala sei eta erdietan altxatu naiz argia pizten didatelako. Ez dakit zergatik duen amatxok ohitura hori, baina, egunero iratzargailua balitz bezala ez dit uzten ohean geratzea. Normalean saiatzen naiz nire aita iratzartzen, baina bera ni baino lotiagoa da eta beti geratzen da lotan. Beraz, etxeko lan guztiak nik egin behar ditut, bidezkoa iruditzen zaizue? Semeak aitari gosaria jarri, zorua txukundu...
Gosaria jartzea ez da batere erraza. Hasteko ogia pilota itxura izan behar du, ahalik eta borobilago hobe. Beraz, altxatzen naizenean karraskatu behar dut ogiaren azala mamia borobila utziz. Gizakiok dituzuen bezala palmerak bere itxurarekin, gure ogia borobil formakoa izan behar du, bestela ez da kalitate onekoa eta hamster gehienek dakite hori.
Ondoren, zorua txukuntzen dut eta eginbehar hau nahiko konplexua iruditzen zait. Aldaparen behekaldea ez du zerrautsik izan behar asko gustatzen zaigulako zorutik irristatzea. Bestetik, zerrauts gehiena gurpilaren behealdean pilatu behar dugu, horrela, marruskadura indarragatik gurpila mugitzea zailagoa izango da eta erronka bat izango da. Maiz, Vito eta nire artean txapelketak egiten ditugu eta irabazlea da bira gehien eman dituena (kontuan izanik behean zerrauts piloa dagoela gurpila geldiaraziz).
Ikusten duzuenez goizeko etxeko lanak trebetasuna eskatzen du nire partetik. Gainera, ez dakit zergatik baina gure amatxo maitea ez dago batere ados gure etxeko lanak egiteko moduarekin. Beti dago zorua desantolatzen aldaparen behealdea zerrautsez betetzen eta gurpilaren behealdean zerrautsa kentzen. Kaiola honetan argi dago pisukide alferrena ama Sonia dela, berak ez ditu etxeko lanak egiten eta egiten baditu dena aldrebes egiten du. Egunen batean kartel batean jarri beharko ditut argibideak!