2010/12/02

Dolu-eguna

Atzo eta gaur oso egun tristeak izan dira guretzat. Blog honetan gure sentimendurik sakonenak espresatu arren, gure familiarenak, bideoak, jokoak eta gure partetik ahal dugun guztia jarri arren ez dugu irabazi Bilblogari saria. Vito eta biok atzo ez ginen gure iglu-dendatik atera gure haserrea adierazteko baina ez zigun inork kasurik egin. Ama ere oso triste egon zen, baina ez zuen ezertarako balio. Zergatik? Zer egin dugu txarto? Ez al zaizue gustatzen gure idazteko modua? Gure estiloa? Gure bideoak? Gure argazkiak? Gure sarrera kopurua? Ez dugu ulertzen! Hainbeste gorroto gaituzue animalioi? Horregatik diskriminatu gaituzue? Badakigu ez dugula albisteei buruz hitz egiten, baina gure eguneroko bizitza oso garrantzitsua da eta originala bai, behintzat! Hori ezin diguzue esan ez dela originala. 

Epaileak gure lana baloratu ez arren, espero dugu beste irakurle batzuk gure lana baloratzea eta gure zaleak izatea!! Musu bat etxeko abere guztiei eta segi lan egiten! Egunen batean, gizakiok baino lan bikoitza egin dugunean beharbada, gure merezimenduak jasoko ditugu.


2010/11/28

Igandea, 2010ko azaroak 28

Zelako eguna izan dut gaur! (Luckyk dio). Gaur goizean beti bezala sei eta erdietan altxatu naiz argia pizten didatelako. Ez dakit zergatik duen amatxok ohitura hori, baina, egunero iratzargailua balitz bezala ez dit uzten ohean geratzea. Normalean saiatzen naiz nire aita iratzartzen, baina bera ni baino lotiagoa da eta beti geratzen da lotan. Beraz, etxeko lan guztiak nik egin behar ditut, bidezkoa iruditzen zaizue? Semeak aitari gosaria jarri, zorua txukundu...


Gosaria jartzea ez da batere erraza. Hasteko ogia pilota itxura izan behar du, ahalik eta borobilago hobe. Beraz, altxatzen naizenean karraskatu behar dut ogiaren azala mamia borobila utziz. Gizakiok dituzuen bezala palmerak bere itxurarekin, gure ogia borobil formakoa izan behar du, bestela ez da kalitate onekoa eta hamster gehienek dakite hori.

Ondoren, zorua txukuntzen dut eta eginbehar hau nahiko konplexua iruditzen zait. Aldaparen behekaldea ez du zerrautsik izan behar asko gustatzen zaigulako zorutik irristatzea. Bestetik, zerrauts gehiena gurpilaren behealdean pilatu behar dugu, horrela, marruskadura indarragatik gurpila mugitzea zailagoa izango da eta erronka bat izango da. Maiz, Vito eta nire artean txapelketak egiten ditugu eta irabazlea da bira gehien eman dituena (kontuan izanik behean zerrauts piloa dagoela gurpila geldiaraziz).

Ikusten duzuenez goizeko etxeko lanak trebetasuna eskatzen du nire partetik. Gainera, ez dakit zergatik baina gure amatxo maitea ez dago batere ados gure etxeko lanak egiteko moduarekin. Beti dago zorua desantolatzen aldaparen behealdea zerrautsez betetzen eta gurpilaren behealdean zerrautsa kentzen. Kaiola honetan argi dago pisukide alferrena ama Sonia dela, berak ez ditu etxeko lanak egiten eta egiten baditu dena aldrebes egiten du. Egunen batean kartel batean jarri beharko ditut argibideak!

2010/11/27

Carbiren saltoa

Gaur goizean lasai-lasai nebilen kaiolako goiko solairuan plastikozko hodia marraskatzen non bat-batean txistu-hots beldurgarria entzun dudan! Ustekabean hartuta salto ikaragarria eman dut eta beheko solairura erori naiz.

Berehala hasi dut inbestigazioa zer demontre gertatu den jakiteko. Azalpena erraza da: amari ez zaio gustatzen plastikozko hodia karraskatzen dudanean, nire etxea jango dudala dio. (Zelako ergeltasuna!). Haserre, ikustean zertan ari nenbilen txistu  egin du ni ohartarazteko. Baina ez zuen uste horrelako sustorik hartuko nuenik, ez behera jauziko nintzenik. Tira, barre egin dit horren gutxirekin hainbeste beldurtu naizelako. Amak ez nau ulertzen!


2010/11/26

Azterketa medikoak gorroto ditut

Ostirala, 2010ko azaroak 26

Kaixo lagunok! Gustakovich naiz. Badakizue zer den azterketa medikoa? Guztioi gustatzen ez zaigun miaketa fisikoa da. Normalean medikuak dira azterketa hau egiten dutenak. Organu eta aparatu guztiak begiratzen dituzte patologiak baztertzeko. Nire kasuan, ama medikuntza ikasten zuenez, azterketa medikoak egiten zizkidan. Ados, ez ziren oso azterketa sakonak baina beti buruz behera jartzen zidan sabela aztertzeko. Zergatik galdetuko duzue? Ni hamster arra nintzenez, guruin bat neukan sabelaren erdian niri usaina emateko eta sexualki erakargarria egiten zidana. Alabaina, batzuetan guruina infektatu ahal zen eta horregatik ama etengabe begiratzen zidan tripa. 

Bestetik, azkazalak ere begiratzen zizkidan eta askotan hauek mozten zituen. Badakit batzuetan zenbait gauzekin nahasten nintzela, baina zergatik nire azkazal politak moztea? Ez zitzaidan hau batere gustatzen eta horregatik zeregina zailtzen nion. Etengabe mugitzen nintzen eta orduan ama ez zen ausartzen hauek moztera! Orain zer diozu ama? Ni gogaitzen jarraituko duzu?

2010/11/24

Ederra naiz benetan!

Iruzkinen batean irakurri dudanez polita naizela, nire argazki batzuk erakutsiko dizkizuet ikus dezazuen nire edertasuna. Gainera, orain dela egun batzuk kaletik nenbilela esan zidaten galanta nintzela, beraz, sinistu beharko dut, ezta?

Argazki honetan ikus dezakezue zein den nire jarrerarik gustokoena: bi hankatan egotea. Ez dakit zergatik ez nintzen gizaki bezala jaio ze niri ere bipedestazioa izugarri gustatzen zait. Lau hanketan egotean askoz ere baxuagoak gara eta ez dugu gure aldamenean gertatzen denaz ohartarazten. Ondorioz, etengabe bi hanketan jarri behar naiz zerbaitetaz enteratzeko.


Ohea hamaika aldiz esan didate ez dagoela txakurrentzat diseinaturik, baina zergatik? Ez dut ulertzen zergatik txakurrok ezin garen ohearen gainera igo! Nik izugarri maite dut ohera igotzea. Oso handia da, gainera, biguna, beraz ezinhobea lo egiteko! Alabaina, disimuluan egin behar dut denbora osoan bestela errieta egiten didate.

Hau da nire peluxerik gustokoena. Nire amarena ere gustokoena denez, ez dit berarekin jolasten uzten. Orain dela gutxi, txakur-peluxe bat erosi zidan, baina ez da elur-orein hau bezalaxe. Elur-oreina mundiala da, bere ukimena hain da leuna!

Irudi honetan ikus dezakezue txikitatik txapinak maite ditudala. Obsesio antzeko bat daukat beraiekin, baina hori gertatzen zaigu ia txakur guztioi, ezta? Beraz, geneetan izan omen dugun ideia finkoa da, ni ez naiz erruduna!


Tira, edozein motako zapatilak ere atsegin ditut, onartzen dut. Nire jostailuak ere baditut nire txokoan baina hauek hartzen baditut jendeak ez dit kasurik egiten. Haien zapatilak hartzen baditut, ordea, berehala konturatzen dira eta nire atzetik ibiltzen dira korrika. Hain da dibertigarria harrapatze joko honetan jokatzea!

2010/11/23

Nire hasierak

Asteartea, 2010ko azaroak 23

Gaur nire familiaren istorioa azalduko dizuet. Ni baserri batean jaio nintzen nire txakur anaiarekin batera. Biok oso pozik geunden inguru hartan: txikitatik korrika egin genezake, anaiarekin borrokatzen nuen... Alabaina, hilabete batzuk nituenean hiriko etxe batera eraman ninduten txakur ama ezin ginduelako bioi zaindu. Hemen hasi zen nire oraingo bizitza. Dakizuenez, ama eta Carla arrebarekin bizi naiz, oso-oso pozik. Nahi ditudan laztanak ematen dizkidate, kalera egunero hainbat alditan ateratzen naiz, txakur eme askorekin jolastu dezaket, etxebizitzaz aldatzen dut noizean behin...

Herenegun, ordea, nire iraganeko bizitzara itzuli nintzen segundu batzuetan. Beste baserri batera eraman ninduten eta nire anaia ikusi nuen! Bai, ezin nuen sinetsi, hain aldatuta zegoen. Noski, ni bera baino askoz ere dotoreagoa naiz, ni hiriarekin batera findu naiz. Bera, ordea, oso apatza izaten jarraitzen du. Gainera, kontatu dit seme bat izango duela! Urte bateko adinarekin semea! Esan zidanean ezin nuen sinetsi. Ni oraindik nago nire bizitza bideratzen eta bera seme-alabak izaten jadanik. Kontuan izan behar duzue landan bizi diren txakurrak azkarrago heltzen dira eta seme-alabak goiz izatea ez da arraroa.





Txakur baten egunerokoa: Mendian

Mendira joatea munduko gauzarik hoberena da. Aire freskoa, zelai handiak eta nahi dudan guztia korri egin dezaket, aske eta naturan. Baina oraindik hobeagoa da jende askorekin mendira igotzea. Batzuetan anaiaren ikastolako lagunekin eta haien gurasoekin joaten gara mendira, talde handi batean. Beste txakurrak ere etortzen dira eta nahi beste jolastu dezaket. Gainera guztiok nahi dute nirekin jolastu, umeak oso dibertigarriak dira eta energiaz beteta, asko korri egin dezakegu eta harrapaketetan jolastu. Nagusiek berriz, laztantzen naute eta oso polita naizela esan. Aaaah, hau bai bizitza!

Mendian era guztietako abereak daude. Zaldiak, ahuntzak,ardiak... Ardiak bereziki beldurgarriak dira. Bai, bai, beldurgarriak. Zuri begira geratzen dira adi-adi eta isilik begi handiekin eta beti ari dira belarra jaten! Nire ustez nazkatuta daude horrenbeste belarrarekin eta haragi zati bat noiz erori geratzen dira begira. Gainera, haiengana jolasteko asmoz hurbiltzen bazara segituan korrika ihes egiten dute. Ez dira batere adiskidetsuak, ez. (Ez zaitezte ardietaz fidatu). 


2010/11/22

Tsunami II

Jarraipena...

Kaixo lagunok! Non utzi genuen atzoko pasartea? Gure iglu-denda bustita zegoen oso eta gu izuturik beheko solairuan. Hemengo erpin batean denbora luzez egon ginen lo geratu baikinen eta lotan gaudenean ez dugunez zaratarik egiten, ez dugu ama gogaitzen. Gero, ama kaiolara begira jarri zen beti bezala baina urduri aurpegia jarri zuen. Goiko solairuan finkatu zituen begiak, ondoren, beheko solairuko gurpilan, arrapalan eta azkenik, gu geunden txokoan. Orduan, ama poza aurpegia jarri ondoren kaiola bere lekutik jaitsi zuen eta kaiolaren goiko atala kendu zuen! Aske utzi gintuen segundo batzuk, hain pozik zegoen ama! Gu galdu izan bagina bezala, baina txorakeria da, ezta? Nora joan gaitezke?

Hori gertatu ostean, esku erraldoia kaiolan sartu zen eta iglu-denda desmuntatu zigun! Nola ausartzen da? Ez hori bakarrik, iglu-denda berriro bere lekura jarri zuen baina guztiz aldatuta! Ez zegoen betiko kotoia! Nora joan ote da? Orain material ezberdina zegoen barruan. Zer zen hori? Zuria ere bazen baina ehundura korapilotsua zen. Gu hara joan ginen gai arraro hori marraskatzera toxikoa zen jakiteko. Oso interesgarria zen karraskatu ahal zelako eta moldatu nahi zenuen bezala. Beraz, egitura hori ez zen hain txarra. Gazak ziren amaren esanetan.



Katu marmartia eta hartz maitagarriaren abenturak: Kasurik ez!

IRUDIAN SAKATU HANDITZEKO!



2010/11/21

Zelako tsunami!

Igandea, 2010ko azaroak 21

Orain dela aste bat edontzi zaharrarekin gabilela oso pozik. Amak blog-eko inkestari jaramon egin zion eta gure betiko edontzira itzuli gara. Hala ere, arazoak ere honekin batera etorri dira.

Hasteko, uraska honekin nahiko eroso gaude edateko orduan oso erraza baita. Aska guztiek dute muturrean bolatxo bat mingainarekin bultzatu behar duzuna. Baina uraska honetan bolatxoa errazago bultzatzen dugu eta ondorioz, askoz azkarrago edan dezakegu ura. Alabaina, arazoak datoz kaiolan sostengatzeko oso zaila omen delako. Amak etengabe egokitu behar du hau gure altuerara egoteko.

Atzo gu lasai geunden lo egiten bat-batean hotza nabaritu dugunean. Biok iratzarri ginen eta konturatu ginen kotoia zela gure arazoa: bustita zegoen! Beraz, Lucky eta biok korrika aldapa jaitsi genuen eta beheko solairuko erpin bat eskobatu genuen. Ondorioz, hemen jarri ginen hezetasunetik kanpo egoteko. Oso eroso geunden orain, baina zergatia oraindik ezin genuen ezagutu. Zergatik bat-batean tsunami bat izan dugu logelan? Zer gertatuko da orain? Betiko bizi beharko gara beheko solairuan? Ama konturatuko da?

Jarraituko du...